Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Zilbor-hestearena

2015eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Orain bi domeka estatu espainiarrean amaren eguna ospatzen zela-eta, hainbat hego-zentristek bolo-bolo erabili genituen ahotan ospakizun horren kontrako argudioak eta, bidenabar, efemeridearen aitzakia baliatu genuen maila orokorrago batean ere, indarrean den amatasun totalaren ideologiari egurra zapla emateko, beldurrik gabe.

Euskal kantutegira jo genuenok Joxan Artzeren lerroetan topatu genuen zer berreskuratua, jakina, zer esango dizuet ba nik, orain bi aste aipatu nuena bera izanda ebidenteenetako bat: ama hil zait, lanak itota, zertarako den bizitza jakitera iritsi gabe. Ordea, beste poema aski ezagun batek ere eman dezake hizpidea, mamitsu eman ere.

Zilbor-hesteak moztea eskatzen duenaz ari naiz, noski. Amatasun totalaren gaitzetako bat horixe bera baita, erabatekotasuna, baldintzarik gabekotasuna; seme-alabak badauzkazu, soilik funtzio horretara eta, gainera, estu lotzen zaituen zilbor-heste ideologikoa, noizbait elikagaiak garraiatu zituen beste haren arrasto. Gorputzarenarekin egin bezala gogoarena ere ebaki beharra azpimarratzen du Artzek poeman.

Ados egonagatik, nahitaez hartu behar da kontuan eskatzailea non kokatzen den (eta ez naiz noski Artzez bakarrik ari, ondotxo ezagutzen dudan batek behin idatzi baitzuen bizitza osorako espetxe afektiboa dela ama totalena). Plazerez hil nahi izaten dugun bezala odolez zikindu gabe, berdin desio izaten dugu iraultza egin geure pribilegiorik (itxuraz) ezdeusena ere galdu gabe, kalean uso izanda eta etxean otso, edo orain gutxi sarean ikusitako horma marraztu batek zioen eran: plazan Che izanda eta sukaldean Pinochet.

Gaira bueltatuta, akaso sobera eroso ibiltzen garela seme-alabok predikuan geure bizitza antolatzeko askatasuna galdatzen, horri datxekion erantzukizuna gure gain hartzeke, salda beroaren eta magal epelaren ments gabiltzanetan batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.