Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Cannes

2015eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Agnès Varda 1985eko film bati esker ezagutu nuen, dena esatera bere lanik sonatuena ere badenaren bidez, Veneziako zine-jaialdiko saria eskuratuarazi zionez: Sans toit ni loi. Piztu zidan gosea eta ase utzi ninduen era berean, hala etxe finkorik nola lege gogorik bereziki ez nuen garaian suertatu baitzitzaidan, areto alternatiboren batetik gertu bizi nintzenean edo akaso albo-kaltea baizik ez zen izan ikustaldia, zinezale porrokaturen baten ondoan lo egitearena.

Kontua da ikusi nuela, egonkortasunari kaka morralean neritzon sasoian eta Kerouac eta gainontzeko alderraiak neure buruari erauzteko prozesu betean nengoela, hortxe harrapatu ninduen, babesgabe, Mona protagonistaren aurpegi ederrak, gogoangarririk ez duena ezer, ez sudur kako bat ez ezpain lodiak ezta orezta bat ere: oreka hutsez ederra den aurpegi bat baino ez.

Deslai ibil zitekeela andre izanda ere erakutsi zidan batik bat antzemanezina zen aurpegiak, edan zitekeela, akanpa zitekeela, egin zitekeela egunekin batera aurrera ondasunik edukitzeke. Eta bortxaketa baten ostean ez zela bizitza amaitzen. Idealizaziorik gabe hura guztia, azken irakaspenak nahiko bistan utzi ez badu, denik eta modu zuzenenean ezabatuz itxaropen oro hastapenetatik, heriotzaren ostean bai bukatzen baita bizitza, eta hilotz ekiten dio Monak filmari, egunsentiarekin bat aurkitua mahastietan.

Tarteka bueltatzen zait bere begirada eta hori baino ezin izan nuen burura ekarri jakin nuenean Ohorezko Urrezko Palma emango ziotela begi horien pertsonaia pentsatu zuen zuzendariari, niretzat nahikoa eta sobera meritu horrelako zerbait jasotzeko (horrelako zerbait zehatz hori jaso duen lehen andre zinegilea da Varda, bidenabar). Hori baino ezin izan nuen burura ekarri, kanpo-mundu etsaiaren jakitun beti aurrera egiten zuten oin horiek, hanka horiek, silueta hori. Mendiko bota erosoak soinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.