Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Aurreskuan

2015eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Badazpada enteratu ez bazarete, pasa den larunbatean Athletic de Bilbaoko (gizonen) futbol-taldeak Espainiako Errege Kopako (gizonen) finala jokatu zuen Bartzelonako (gizonen) futbol-taldearen aurka. Hedabide publiko zein pribatuek oso luze eta oso zabal eman zuten kontuaren berri, luzeegi eta zabalegi askoren irudiko, baina hori beste kontu bat da. Gaurkoan txistu-boikotari ipini nahi diot arreta, prentsaren jarraipen berezian bolo-bolo aipatu baita beste behin ere espainiar estatutik at burujabe izan nahi duten lurraldeetan zituztela erroak norgehiagokan zein baino zein neurtuko zirenek (erroak diot, ze enpresa babesle Petronor eta Qatar Airwaysek batik bat sosa dute aberri).

Taldeen jarraitzaileetako batzuk badira, ordea, zertxobait kontsulta- edo independentziazaleak, edo gutxien-gutxienez ez-espainolak, eta aldarrikapen zilegi bihurtu nahi izan zuten himno-ari txistuka egitearena. Beltz asko paratu da dagoeneko zuriaren gainean gai horren bueltan: totalitarioek beste behin garbi utzita espainol nazionalismoa zer muturretaraino eramateko kapaz izan daitezkeen, eta @aranagoiri nire faboritoak aferaren irrigarriari txisteak jarrita (ez da ereserkiari txistu egitea ezpada hitzak ahopeka abestea).

Partzialtasunak harritu nau neu ordea, horrelako txistua-eskubidea-da olaturik altxatu ez izanak beste hainbat kontu salagarrik, tartean, Athleticeko jokalari bertoko eta gizonak bizi diren lurraldeen etorkizuneko fracking-triskantzak, tartean, Athletic-en barruan (ere) Bestea izatera kondenatutako andre jokalarien egoerak, tartean, Rubén Castrok eta betis-zale matxodonteek arbuio berbera jaso ez izanak etxetik kanpo partida bat jokatu dutenero (ezta futbol-agintarien espediente bat, bidenabar esanda).

Bigarren mailako pertsona eta kausen ajeak: xiulada mediatikoen ordez, axolagabezia bortitza, txistua eta danbolina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.