Kattalin Miner.
LARREPETIT

Sufragistak

2016ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ez du sarri zinemaren industria mainstream-ak gure historia jaso. Are gutxiago destilatu gabe, eta horregatik agian harritu gaitu zineman izan den Sufragistas pelikulak.

Izan ere, ez da kasualitatea egungo feministok Ingalaterrako sufragistekin sarri identifikatu ez izana. Gertuago sentitu izan dugu Emma Goldman anarkista bat (eta ez dantza egitea izugarri gustatzen zaigulako soilik) ustez emakumeen boto eskubidea eskatu zuten andre burges horiek baino.

Pentsatzen jarri izan naiz zergatik sentitu izan ditugun hain urrun nire belaunaldiko feministok borrokalari sufragistak. Klasearena da datorkidan lehen kolpea. Izan ere, entzun izan dugu eta sinistera iritsi, kasu askotan, sufragisten borroka burgesa eta zuria zela, eta, beraz, gutxi batzuen pribilegioak mantentzea helburu zuela.

Esango nuke, atrebentzia apur batekin, narrazio hori ez ote duen ezkerrak gehiago zabaldu eskuinak baino. Ez ote den hori bera ezkerrak bere garaian emakumeon alde egin ez izana zuritzeko zabaldutako kontua. Ez ote dugun emakume horiek egindako azaña, borroka eta pertseberantzia gutxietsi, berez klasearena ahaztu zutelakoan.

Filma ikustean, ordea, ederki jaso dute klasearen afera, ez gainera bazterretako narrazioak asmatuz, baizik eta gogoraraziz borrokaren lehen lerroan izan ziren andre horiek langile esplotatu eta jazarrienak zirela.

Tristea da agian film komertzial batekin piztu izana berriro ere emakume horiekiko miresmen eta errekonozimendua. Baina oroitu ditut aspaldian irakurritako liburuak, eta Emily Wildin Davisonen figura ekarri dit azalera berriro ere. Wildin andereak zaldi baten aurrera egin zuen salto guk boza eman ahal izateko.

Sentitu ditut nire aurrekariak, ez martirrak, bai borrokalariak. Gaur egun odolean barrena daramatzagun gure ahizpa aitzindarien oihuak. Ez gehiago isilduak, ez gehiago gutxietsiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.