Eneko Gorri.
LARREPETIT

Lezioak

2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Gaur karrikaratuko da lanaren lege proiektuaren kontrako haserrea. Sarean milioi bat izenpe bildu ondoren, herritarrek karrikan adieraziko dugu gure duintasun gosea, «hori baino gehiago balio» dugula aldarrikatuz. Lege horrek biltzen dituen neurri antisozialak zerrendatzea alferrikakoa litzateke. Lehen letratik azkeneko punturaino gibelatze baterantz garamatza. Benetan deigarria egiten zaidana proiektu horren azpi-erran arriskutsuak dira.

Batetik, «eraginkortasunaren izenean» ezkerrekoa auto-izendatzen den gobernu batek eskuin neoliberalak amesten duen erreforma bat obratzeak pentsaera familia oso baten sinesgarritasuna auzitan ematen du. Ez gaitezen tronpa: nagusien aspaldiko aldarrikapenak lege proiektu bihurtu ditu Valls lehen ministroak. Hautesleak traizionatzeaz haratago, hitz-erdika erran nahi du ez dela ezkerreko ikuspuntutik eramaten ahal litzatekeen politika pragmatikorik. Bestela, zergatik poderera iristean, eskuineko politika sozialak obratu? Ezkerraren zilegitasun osoa zartaraztea helburu luketela dirudi.

Bestetik, aldekoen diskurtsoetan beste elementu kezkagarri bat ere gordetzen da: langileak babesten duen guziak enplegu sortzea oztopatzen duela. Sindikatuei eraso egin ondoren (Air Franceko atorra urratuak, Goodyearreko sindikalistak presondegi fermutara kondenatuak...), lan kodigoa da jomugan. Goizetik arrats esplikatzen zaigu kaleratzeak errextuz sortuko direla enpleguak. Garai batez hobekuntza sozialaren berme zena berrabiatze ekonomikoaren oztopo gisa saldu nahi digute, eztabaida publikoa erabat gakotuz. Baina alternatibak badira. Duela 10 urte, Villepin eskuineko lehen ministroak gazteentzako enplegatze hitzarmen prekarioa proposatu nahi izan zuen. Hiru hilabetez gazteria karrikara jautsi zen eta parlamentuak bi hilabete aitzin bozkarazitako legea erretiratu zuen. Borroka sozialak irabaz daitezke ere. Hori ere lezioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.