Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Gela erdiko elefantea

2016ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Heriotza haurrekin lantzeko liburu bila nenbilela, Ermuko liburutegiak bere garaian ateratako eta tabu diren hainbat gai lantzeko ipuinen katalogoarekin egin dut topo asteon, eta bertan izan dut lehenengoz Terry Ketteringen Elephant in the Room (elefantea gelan) olerki ezin aproposagoaren berri. Heriotzaz mintzo da Kettering, baina gurean tabu diren beste hainbat eta hainbat gairentzako berdin-berdin balio luke olerkiak. Gelan elefante handi bat dagoela diosku, ia gela osoa okupatzen. Ez da erreza gela barruan alde batetik bestera joatea. Estu-estu pasatzen gara haren kontra igurtziz, «nola zaude?» eta «ondo nago» elkarri esanez eta inolako garrantzirik gabeko beste hainbat kontu aipatuaz.

Eguraldiaz, lanaz edota beste edozeren gainean hitz egiten dugu, hori bai, gela erdiko elefanteaz izan ezik. Denak dakigu, bai, elefantea hor dagoela. Pentsamendua harengan dugu hizketan ari garen bitartean. Gure buruan dugu une oro. Oso handia baita gure animaliatzar hori. Denok mintzen gaituela argi dago, baina ez dugu hari buruz inoiz hitz egiten.

Ordua dugu, bada, behingoagatik gauzei euren izenez deitzeko eta elefantea ez balego legez hitz egin beharrean, begietara zuzen begiratzeko. Pisu handia kenduko dugu gainetik, dudarik gabe, mina bera ziurrenez arinduko ez dugun arren. Berarekin bizi behar baitugu halabeharrez. Hor egongo da nahi ala nahi ez. Naturaltasun osoz egitea hobe denontzat. Hitz egin dezagun heriotzaz, ausentziaz legez beste hainbat gai delikatuz. Nagusion artean legez, baita haurrekin ere.

Hain zuzen ere, haurren naturaltasun horretatik badugu zer ikasia. Hala ere badirudi ez dugula ikusi ez ikasi nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.