Kattalin Miner.
LARREPETIT

Langileria krisia

2016ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Ez dut oroitzen noiz hasi zen Krisia deitu zutenekoa. Oroitzen dut, egun batean katastrofikoa eta beldurgarria zirudien hitz bat, gertatzen ari zena deskribatzeko hitz nahikoa ohikoa bilakatu zela. Krisia etorri zen geratzeko, eta egun, nire helduaro osoa, hots, nire kontu korrontea nik neuk betetzen dudan aro osoa deskribatzen duela.

Nire belaunaldikook krisian autonomizatu gara, krisian enpleguratu gara eta krisian prekarizatu gaituzte are eta gehiago. Krisia normalitatea da gure bizitza laboralean.

Krisirik gabeko garaiak ere ez ditugu oroitzen, gure gurasoek eman ziguten haurtzaroa burura ez badatorkigu. Eta esango nuke ez zirela garai hain loriotsuak ere, etxean eta langileontzat hilabete amaiera beti izan dela larritasuna. Hortaz, sumatu genezake krisirik gabeko garaiak ez direla krisitik krisirako tarteak besterik; bake garaiak gerra batetik besterako garaiak diren bezalaxe. Eta badakigu gerrarik eza ez dela biolentziarik eza, adibidez, emakumeontzat; eta, beraz, krisirik eza ez da prekarietate eta biolentziarik eza langileriarentzat.

Gure belaunaldiak, ordea, arazo larriak ditu langileriarekin identifikatzeko. Galdetuko dute batzuek: enpleguratzekotan krisian enpleguratu den belaunaldi horrek zergatik ez du langile-borroka senik? Zer dute, memoria putzutu bat? Zergatik ez dira borrokatzen laboralki ezagutu ez duten eta inoiz itzuliko ez dela esaten dieten (ustez) oparotasunez beteriko garai horren alde?

Langileria-identitate krisia ez da gure ardura soilik, krisirik gabeko garaietan ernaldutako herentzia da, besteak beste. Baina gure bizitza duinak erdigunera ekarri nahi baditugu, ezin gara konformatu krisiaren aurretik zegoenaren antza duen heterokapitalismo lasaitu batekin. Horregatik dugu ardura bat, duintasuna, enplegua, zaintza eta langileria klasea bera birkontzeptualizatzeko. Eta, horretarako, kaleak ditugu zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.