Kattalin Miner.
LARREPETIT

Ni naiz

2016ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Asteartean izan genuen parada De Berta a Teo dokumentala ikusteko. Dokumentalaren izenburuak aditzera ematen duenez, trantsizio baten inguruko istorioa da: hain zuzen, jaiotzean emakume gisa diagnostikatutako Bertak Teo izaterako bidea.

Transexual gehienen gisan, ez da helduaroan iristen den bat-bateko erabaki bat, beti dago atzetik narrazio bat, haurtzaroa gurutzatzen duena. Indarra du dokumentaleko baieztapen batek: «Jendea maskulinoz hitz egiten hasi zitzaidanean nabaritu nuen lehen aldiz ni neu izatearen sentsazioa, ordura arte ni ez nintzen beste bati hitz egiten aritu balira bezala. Ikusten ninduten, izendatzen ninduten, eta, beraz, banintzen».

Dokumentala ederra eta indartsua izateaz gain, ondorengo mahai-inguruak ere ez gintuen hotz utzi. Bertan izan ziren Errespetuz-eko Ares Piñeiro, Medeak-eko kide Josebe Iturrioz eta Chrysallis haur transexualen familien elkarteko Aingeru Mayor.

Ezaguna nuen azken elkarte horrek urteotan egindako lana, baina hunkigarri bezain argigarria da bide honetan ikasten ari diren hori guztia azaltzen entzutea. Transexualitatearen inguruan urteetan gailendu den diskurtsoa, «erratutako gorputz batean» jaio izana hain zuzen, hankaz gora jartzen du guraso horiek kontatzen digutenak. Izan ere, haurrek ez omen dute hainbesteko arazorik erakusten beren identitate edo izanaren eta gorputz edo genitalen artean. Ez dute, hasiera batean behintzat, neska izanda zakila izatea arazo bezala bizi, eta alderantziz.

Horrek sekulako astindua ematen du, ez soilik aurrez aipatutako esaldia dinamitatzen duelako, baizik eta transexualitatearen inguruan dugun ustea apurtzen duelako. Mayorrek argi azaltzen du haurrengandik jasotzen dutena: ni neska naiz; ni mutila naiz. Ez «izan nahi dut». Agertoki berri bat irekitzen digu generoa lausotzeko bidean, eta ez da jada «nahi dugun hori izan gaitezkeela», baizik eta «garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.