Kattalin Miner.
LARREPETIT

Erraustegiaren izuaz

2016ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Autoa hartu dut ohikoa ez dudan gune batetik etxera itzultzeko asmoz. Pentsatu dut asmatuko dudala mendian barrena bakarrik heltzen, eta, konturatu naizenerako, batek daki nola demonio, Zubietako plazan azaldu naiz. Eguraldi ona egiten du iluntzea den arren, eta autoa geratu dut une batez frontoiari begira zigarro bat erretzeko.

Zigarroari zupada eman diot ibilaldia hasi dudan artean, eta estanpa eskasa iruditu zait batzuek ke beltzez bete nahi duten Zubieta eder horretan bertan zigarroari zupaka aritzea. Itzali egin dut, eta plastikotxo batean gorde. Aurrera egin dut pixka bat gehiago, eta pentsatu dut «non demontre ote da erraustegiarentzat pentsatua duten tokia?». Hobe ikusi ez banu.

Lehenengo kolpean, izutu egin nau halako zuloak. Are gehiago, halako tramankulu bat etxetik hain gertu izateak. Izutu egiten nau minbiziak, gaixotasunek. Baina, mantsoago pentsatzen jarrita, are gehiago izutzen naute hori bera aukera bakar gisa aurkezteko aurpegia duten herritarron ordezkariak (omen) direnek. Izutzen nau erosotasun eta berekoitasun hutsagatik zaborra sailkatzearen aurka altxatzen den herritarrak. Izutzen nau herritarron bizitzaren gainetik dirua, mozkina, aberaskeria oinarri duen politikak. Izutzen nau alternatibak eskaintzen dizkion herria isilarazi nahi duen botereguneak. Erraustegia izutzeko makina bat da dagoeneko. Eta ez da ekologista-antisistema-antikapitalista-hippy sutsu bat izan behar erraustegiaren atzean dagoenak izutzeko. Baina, batez ere, ez da bereziki ezer izan behar erraustegirik nahi ez, eta horren aurrean planto egin eta borrokatzeko.

Horregatik, igandean Onkologikoa eta Aldundia batuko ditu giza kate batek, eta arratsaldetik parada izango dugu bertan, erraustegiaren aurka bainoago, nahi dugun Gipuzkoa eta herriaren alde aritzeko. Eta lasaitua eman dit autoan berriz sartuaz bat; izan ere, beste batzuek izutu behar lukete horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.