LARREPETIT

Heriotza errituez

Hedoi Etxarte -

2016ko ekainak 11
Lagun handi bati gertuko bi hil zaizkio aurten. Pablo Molano Bartzelonan hil eta hurrengo egunetan, bere gertukoek heriotza katarsi bihurtu zuten. Monoteismoengan fedea galdu duten gure gizarteotan jende asko gelditzen da heriotzaren ostean zer egin jakin gabe. Kristaua ez bazara, adibidez, eta lurperatu beharrean erraustea hautatu baduzu: nork hitz egingo du gorpua errauts bilakatu aurretik? Zer esango da errautsak airera botatzean? Abestu egingo da? Zer? Bada bertaratutako guztiek ezagutuko duten abestiren bat? Molanoren heriotzaren ostean, eraikin bat okupatu zuten bera okupa zelako. Lehenago manifestazio bat egin zuten, memoria kolektiboaren bideetatik, M-15ean parte hartu zuen Katalunia plazan. 2010eko greba orokorrean okupatu zuten Banesto Bankuaren aurretik pasa ziren «una vaga no cap en un sol dia» oihukatuz. Heriotzan ere bere gertukoak batu zituen eta bere etsaiei aurpegian listu egin zien Lopez Petitek esan zuen bezala. Larunbatean alde egin zuen Iruñean Andoni Iribarrenek. Eta nabarmentzekoa izan zen asteazkenean, Iruñeko Ziudadelan senide lagun lankideek egin zioten omenaldia. 300 lagun espazio publikoa behin-behinean okupatzen: dantzatzeko, propio egindako abestiak abesteko, bertsoak botatzeko, ipuinak kontatzeko, bizitzako pasadizoak kontatzeko, gogoko zuen abesti bat entzuteko, bere akats eta bertuteez hitz egiteko. Bizitzaren ospakizun bat frontoietan, erraldoien konpartsan, muntatu eta mantendu zuten udal ikastolan, dantza taldeetan, mendi taldean.

Bai, bada alternatiba bat, heriotza bizitzarekin gainditzeko gaitasun bat, bizitza aktiboa, eskuzabala, militantea, tradiziozkoa, sortzailea izan dutenentzat. Haien komunitate biziek errekurtsoak dauzkate monoteismoaren erritoen mailara iristeko, gainditzeko, originalak izateko. Eta besteek? Lortuko al dute —Pound-en hitzekin esateko— «paradisura joan nahi ez eta borrokatzen jarraitzeko»?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna