Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Marrazkiak

2014ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Jendeak barra-barra aipatu ohi du nola umetako marrazki bizidun filmen bat helduaroan berriro ikusi eta asaldatzen diren erabat, egiaztatzean ideologia, konspirazioa eta inperialismoa hain direla agerikoak, konturatzean filmaren ikaskizuna hain dagoela bideratua. Noski, ez zuten horrela gogoratzen, haurtzaroan baherik gabe irentsi zutelako, gakoa beste zerbait zela pentsatuta.

Antzeko zerbait gertatu zitzaidan astelehenean. Bakarrik nintzen etxean bazkaritarako, eta telebistan bilatu nuen jateak kenduko zizkidan hamar minutuetan entretenitzeko zer edo zer. Onena klasikoetara jotzea dela pentsatuta, ETB1 sintonizatu eta Doraemonekin egokitu nintzen. Oraingoan, katu kosmikoaren tresnatxoek Nobitari ez ezik, Shizukari ere eragina zioten, Shizuka Nobita bilakatua baitzen, eta Nobita Shizuka. Neskatoa mutiko eta mutikoa neskato.

Nobitarentzat desastre hutsa da aldaketa: ez daki soka-saltoan egiten eta etxean ere ezin da patxadaz etzan, amak berehala gaitzesten baitio zabarkeria, eta agintzen eser dadila behar den moduan, hankak itxita, eta ez dezala hain ozen hitz egin. Shizukarentzat, aldiz, paradisua da Nobitaren bizitza: arboletara lasai igo daiteke praka eroso horiek soinean, beisbolera jolas daiteke (eta ez da makala, gero), ez du etengabe neurritsu azaldu behar... Nobitak Doraemoni erregutzen dio itzul diezaiola bere gorputza, baina Shizukak oraindik apur bat luzaroagoz gozatu nahi du mutikoa izatearen askatasunaz, eta bere horretan uzten dute.

Bainurako ordua iritsi arte. Shizuka eranzten hasi eta konturatzen den arte horixe bera egiten ariko dela Nobita ere, biluzik ikusiko duela, eta horrekin disfrutatuko (Nobita, behar den moduko mutiko baten gisan, lizun hutsa delako). Eta orduan bai, akabo zuhaitzak, akabo beisbola eta akabo libertatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.