Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Jira eta bira

2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Jira eta bira, jendea ehotzeko errotarri erraldoia da kartzela. Poetak esan zuen ederrago: izuen gordeluku eta belar hitsena, malkoen katedrala gizaseme hutsena, eremu bezperage biharamun motzena. Errautsen gaztelu, hobi, saguzar ehuleen urkabeen hegi gure eihera hori.

Drogen amaraunak gatibatua, desoreka eskizoidea zuen Jose Benitez bilbotarrak, baita nortasunaren asaldura eta desoreka antisoziala ere. Ez dira gaitz onak munduan nor izateko. Hauetako sintoma bakarra agertu orduko zigorra baino ez zion eskaini kartzelak. Hamazortzi urtez luzatu ziren behin eta berriroko bakartze neurriek are gehiago porrokatu besterik ez zuten egin. Urrian hil zen Zuerako espetxean, Zaragozan, behar zuen laguntza jaso ez zuelako. Bertsio ofizialak ez zuen hutsik egin: «berez hil da». Depositoan dago harrezkero, maite zutenek lur emateko baimenik sinatuko ez dutelako harik eta autopsia egoki egin arte. Benitezi eta antzekoei gertatzen zaizkien gauzak. Ikaragarrizko drama inorrez bat eta mendekuan oinarritutako kartzela sistema dituena aurrez aurre.

Bai, atera behar zukeen Euskal Erdiko lehendakariak errotarria salatzen ez bada ere, bere herritarraren kasua argitzeko eskatzen. Hala egingo zuen beste bat izatera hila eta beste bat heriotz eragilea. Baina nola aterako da inorrez baten alde, adingabe batzuek jasandako sexu abusuak direla-eta Eliza Katolikoari utzi badio hauek ikertu eta epaitzeko eskumena? Nola aterako da inork salatu ez badu administraziotik, Cabacas kasuaren eskandalua hor dela, bere buruagatik «liskargilea naiz» dioen soldata publikopeko oilartxo matoia telebista publikoko lehiaketa batean?

Nola. Eta bitartean —goikoak gorago, behekoak beherago— jira eta bira dabil mundua bere ardatzean, jira eta bira kartzeletako errotarria beste inorrez batzuen bizitzak jotzen, birrintzen, gabikotzen...

Gu ez garen inorrezak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.