EHZ jaialdia ez da egingo aurten

Ekainaren 26tik 28ra zen egitekoa, Irisarrin, baina bertan behera utzi dute, koronabirusagatik

Erredakzioa
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aurten ez da Euskal Herria Zuzenean jaialdia egingo, antolatzaileek jakinarazi dutenez. «COVID-19 gaitzak sorrarazitako egoera honek, Euskal Herriko errealitatea astintzearekin batera, panorama kulturala ere hankaz gora ezarri du. Ekitaldi handien galaraztea uztail erdialderaino luzatzeko agindua dela eta, ekainaren 26an, 27an eta 28an Irisarrin ospatzekoa zen Euskal Herria Zuzenean festibala, maluruski, bertan behera geldituko dela jakinarazten dugu». Atzo eman zuen antolakuntzak erabakiaren berri.

EHZk igorritako oharrean zehaztu duenez, edizio honetarako eskuraturiko sarrerek hurrengo ediziorako balioko dute, baina itzultzeko parada ere izanen da, [email protected] helbidera mezu bat igorriz.

«Eskerrak eman nahi dizkiegu festibala posible egiten duten eta aurten eskuz esku lanean aritu diren pertsona guztiei. Era berean, gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu egoera honen aitzinean okerren pasatzen ari diren pertsona eta kolektiboei», adierazi dute antolatzaileek.

EHZ jaialdiak gorabeherak izan ditu azken urteotan. 25. edizioa izan behar zuen aurtengoak, eta, beste behin, antolatzaileek antolaketa berrikusi beharko dute. Duela hiru urteko jaialdia ezeztatu egin behar izan zuten, ekaitzagatik, eta, hortaz, sos galtzeei egokitu. EHZren formatu berri bat eskaini zuten, 2018an: nomada. Egun bakoitza leku ezberdin batean antolatua, alegia.

Iaz, belaunaldi berri batek hartu zuen lekukoa, eta, Auzolanaz berpiztu leloarekin, edizio arrakastatsua antolatu zuten Irisarrin (Nafarroa Beherea). Aurtengoa ekainean ezingo da izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.