Kattalin Miner.
LARREPETIT

Erregeak datoz

2016ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Eta ez dakarte oparirik zakuetan. Dirudienez, AEBetatik zabaldu da deiadarra: munduko gizon matxistok, batu gaitezen, sorgin ehiza hastera doa-eta! Izan ere, Roosh Valizadeh izeneko blogari batek sustatu du Erregeen itzulera deitu diona, hain zuzen, mundu osoko 43 herrialdetan deitua baitzuen 160 hiritan gizonen supremazia bermatzeko jarraitzaileen elkarretaratze multzoa.

Valizadehen hitzak ez dira gozoak, ondo ikasi ditu teoria eta aldarrikapen feministak, eta, modu serioan ariko balitz bezala, kontraerasoa egiten die banan-banan. Liburuak ere idatzi omen ditu, eta proposamen ez nolanahikoak gizarteratu, besteak beste, emakumeon hobe beharrez bortxaketak amaitzeko, bortxaketa bera legalizatzea (hau ulertu nahi lukeenak araka dezala sarean, eta ondoren oka egin).

Kontua da estatuan deituta zeudela bi elkarretaratze, baina, dirudienez, atzo Valizadehek bertan behera utzi du Erregeen altxamendua, beste baterako-edo.

Anti-feminista deklaratua da gure gizon hau, eta, egiari zor, naziek sortzen didaten antzeko beldur kontrolatu bat sortzen dit honek ere. Hots, hain muturreko joerek kuadrillak egiteko gaitasuna badutela oharkabean pasatzen utzi gabe, hainbeste ere ez direla badakidalako.

Baina gehiago izutzen naute publikoki anti-feminista direla esan ez eta atzean ideia horiek konpartitzen dituzten guztiek. Gurean ere, hain lasai eta sarri entzun behar izaten ditugun horiek. Gure euskal webguneetan ere, anonimatoak babestuta argi eta garbi emakumeon eta feministon aurka aise aritzen diren horiek. Gure errege propioak baititugu etxean (edo auto-klonatzen den bakar bat).

Disfrutatuko nuke, ordea, behingoz Valizadehek bezala aurpegia emango balute, eta ikusi orduan, erregetik zenbat ote duten, edo ez ote diren sistema hetero-patriarkalaren morroi, jopu edo esklabo handiuste, harroputz eta lainezoso batzuk besterik. Kuriositate hutsez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.