Albistea entzun

LARREPETIT

Hizkuntza bizi dadin

Iñigo Aranbarri -

2016ko otsailak 14

Ateo katolikook dugun akatsetako bat da hitzari gehiegizko balioa ematea. Gaizki daramagu inori zerbait sinestu, hala esan duelako, eta gero betetzen ez duela ikustea. Behin eta behin esaten zaigulako dakigu dudarik gabe fribologoak izan beharko genukeela, ez hain estu hartu dena, baina rigorismo atabiko batek lotzen gaitu, eta ahaleginduagatik, zinez da zaila mudatzea. Eta egia bada ere nahiko lege unibertsala dela, ez da gezurra zenbat eta goragoko apalekoa izan agindutakoa betetzen ez duena, orduan eta handiagoa dela errea eta suhartsuagoa tripetatik gora hazten den piztia.

Adibide bat. Azken itsasaldia dela eta, arrapunpaz, Urkullu lehendakariaren txio bat, lokalak kaltetu dituela Zarautzen eta Donostian eta muturra txikitu duela Bermeon, arretaz ibiltzeko. Gaztelera hutsean dena. Hasi lardaskan, sartu bere twitterreko kontu ofizialean eta halaxe, dena erdaraz. Egin atzera mezu zaharragoen bila, eta hogeita bat mezu egin behar atzera euskarazko bat topatzeko: «Agate Deuna Gasteizen gaur». Utzi zidan arte segitu nuen. Euskaraz sortuak ez ziren ehuneko hamarrera iristen. Berak errebotatutakoak, berriz, denak zeuden gazteleraz, gehienak Eusko Jaurlaritzaren kontu ofizialekoak edo Arantxa Tapia sailburuarenak. Esan gabe doa garrantziaren arabera doazela mezuak eta hizkuntzak. Estekari sakatuta, lehendakariaren blogean sartu nintzen gero. Nire barruko piztia negarrez hasi zen.

Agian geurea da errua. Abenduaren 3a, euskararen eguna: «Euskara erabiltzera deitu du Urkulluk, hizkuntza bizia izan dadin». Eta piztia piztu nahian nabilela ohartu naiz baietz, geurea dela falta, ez duela esan berak erabiliko duenik, baizik eta dei egin duela guk erabil dezagun, hizkuntza bizi bedi.

Ez dakit nola ez naizen lehenago ohartu urteetako eskarmentua izanda: langileei galdatzen zaie hizkuntza-eskakizuna, ez agintariei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.