Eneko Gorri.
LARREPETIT

Harea ordularia

2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Bi urte pasa dira Ipar Euskal Herrian herri hauteskundeak iragan direnetik. 2014ko udaberriko bozka ontziek ekarri zuten uzta ahantzia dugu beharbada, baina sorpresa ederrak izan ziren. Oker ez banaiz, behatzaile gehienen luma eta komentarioek bozka abertzalearen garrantzi hartze izugarria azpimarratzen zuten sufragio biharamunean. Bigarren itzuliaren ondotik, herritarrek zerrenda abertzale batzuen esku utzi dituzte kudeaketarako giltzak, Lapurdi, Baxenabarre edota Xiberoako herri sinboliko batzuetan. Beste hainbat kasutan, hautagai abertzaleak herri eta hiri batzuen exekutiboan sartu ziren, kolore anitzeko gehiengo baten parte.

Bi urte berantago, beraz, inoiz izan ez diren hautetsi abertzale kopuru handiagoa zenbatzen dugu Ipar Euskal Herriko 159 udalerrietan. Bide instituzionala aspaldi jorratua duen Hego Euskal Herritik anekdotikoa dirudi, baina hemendik ikusita, aski berria da hautesleriaren parte batean galderak pausatzeraino.

Sei urteko kargualdi batean, bi urtek agintearen herena errepresentatzen dute. Ekipa baten bilana egiteko goizegi da, noski, baina ikasten ari den hautetsien lehen urratsak direla entzuteko berantegi ere. Administrazioaren eta herritarren erritmoak errotik desberdinak izanki, ekintza konkretu, neurgarri eta prospektiboen garaia da. Neurri batean, ulergarria izan daiteke hautetsi hauek ondoko hauteskundeei begira beren janzkia zizelkatzeko gogoa izatea. Hautesleriari begira gobernatze gaitasuna dutela erakutsi gogo dutela nabaria da, liskarrik gabe, bereizkuntzarik gabe eta gai zehatz batzuetara (euskara, euskal kultura, euskal instituzioa, euskal gatazka) mugatu gabe. Baina tokiko errealitateek ez dituzte beste dimentsioak baztertu behar. Tokian tokiko ekintza, global mailako bista dio leloak. Boterearen mozkorrak ikusmena bestelakotzeko arriskua du. Tamalez, hautesleek uste baino memoria handiagoa dute...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.