Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Denboraren lana

2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Genboraren lana, hala datorkit errepidean aurrera noala biribilgunera heldu eta egurrezko oina lurrean teink, begietara datozkidanean andrakoak, panpinak, gizonkilak. Obreroen mahoiz jantzitako irudiak dira guztiak, lastoz-edo beteak, kasko eta guzti. Gurutziltzatuak sarritan, urkamendi trakets batetik zintzilik inoiz, karteltxoekin ageri dira beti: «Ez itxi». Eta panpinaren inguruan hamaika gurutze txiki pankartaren babesle.

Ulertzen, ez da zaila. Ugazaben asmoa betetzera, eta fabrikari giltza emanez gero, Jesukristok gurutzean pairatutako nekeak sufritu beharko ditu langileak, etsipenak zapuztuta baliteke beren burua botatzera behartzea erabakiak, ez da aurrenekoa izango, ezta bigarrena ere, denok dakigu hori.

Denboraren lana diot, kaleak sutzen zituen intifadako ume ginela, trajez eta gorbataz janzten zelako plazan zegoen garabitik esekitzen zen panpina. «Langilea kalera, nausia sokara» egiten zen oihu, erdaraz. Justizia poetikoa eskatzen zen vudu kolektibo hartan, ez errukarri agertzea. Bada aldea.

Antzeko sentipen batek asaldatu nau asteotan Salatzen dut kanpainako esku erraldoiak ikusi ditudanean, atzamar erakuslea zeruari begira. Ni naiz salatzen duena diogu horrela, eta zu, gu gara, izan gaitezen mila, miloi bat presoen egoera larria, dispertsioaren perbertsioa salatzen dugunok. Hori esan nahi baitu zerura begirako atzamarrak, «ni ere hemen naiz».

Denboraren lana diot, azken beltzean, hatz erakusle horrek, berez, ez lukeelako gora begiratu behar, horizontalean behar luke, begiak atzamarrari jarraitzeko. Zuek diseinatu zenuten maltzurkeria hiltzaile hau esan beharko luke, amaitu ezazue behingoz sufrimentu hau. Baina erakustera, ergelenak ere badaki «ni ere hemen naiz» esango duen asko faltako litzatekeela elkar hartzeko egunean. Eta ez da gaude inor galtzeko.

Izan ere, hainbeste galdu dugu. Geuk egin dugu denboraren lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.