Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Korrika

2017ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Abenduan jubilatu zen gure ama, eternitate batez AEKn lan egin ondoren. Gizarte Segurantzarik gabe ibili zen urte askotan euskaldun zaharrak alfabetatzen, eta erdaldunei euskaraz irakasten. Hori baino larriagoa dena: kobratzeko segurantzarik gabe. Ez digu horregatik negarrik egiten: euskararen balioak transmititu dizkigu, etxean ere zuzendu egin dizkigu gaizki esanak, euskara zuzena eta aberatsa izan genezan ahalegindu da, eta bere ikasleekin errespetuz, astiro eta euskara batuan hitz egiten irakatsi digu. Nerabeak ginela, edozein herritako jaietan aurkitzen genuen ama barraren beste aldean: «zer umeak?». Eskualdean AEK-ko txosnarik izaten bazen, han egoten ziren Beda, Igone, Karmen, Pili eta gure ama. Eta Korrika heltzen zenean ez genuen etxean ikusi ere egiten: elkarteekin bilerak kilometroak har zitzaten, petoen banaketa, ibilbidea atondu... lan asko gutxiren artean egiteko. Ez baitira beti milaka izan Korrika ibili direnak. Gutxi izatera ohitu ginen Korrika Txikia Alberto Gabikarekin egiten genuenean eskolen parte hartze zuzenik gabe. Igone, Beda, Rosa, Karmen eta Piliren seme-alabak eta ilobak eta ume gutxi batzuk gehiago lekukoaren atzetik; Korrika hasi aurreko asteburu batean, eskola orduetatik aparte. «Korrika-Korrika ieup!», esaten zigun Albertok eskuetan lekukoa zeramala, eta guk salto egiten genuen «ieup!» bakoitzean. Korrika badatorrela ikusteak ileak tente jartzen dizkit. Tipi-tapa, tipi-tapa Korrika goazela, emozioak estutzen dit arnasa arrapaladan egiteak baino gehiago. Ez ditut faltan botatzen gutxi gineneko garai haiek: badakit zenbat eta gehiago izan hobe dela guretzat. Baina aurten ere ezinbestean gogoratuko naiz gure amaz eta Albertoz, Bedaz eta Karmenez, Igonez eta Piliz. Ezinbestean oroituko ditut gutxi izan zirenak, haiei esker garelako asko. Eta, hala ere, ez gara izan behar genukeen guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.