KRITIKA. Musika

Barroko organikoa eta bizia

2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun

Venice Baroque Orchestra

Zuzendaritza eta concertinoa: Gianpiero Zanocco. Biolina: Chouchane Siranossian. Egitaraua: Francesco Geminianiren 12. Concerto Grosso, 'La follia eta Antonio Vivaldiren Lau urtaroak. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: ekainak 13.

A zken orduko atzerapenek eta bertan behera uzteek markatutako denboraldi honetan, Kursaal Eszenak jakin izan du oztopoak gainditzen. Lehen mailako taldeak izan dira gurean, hurbiletik zein atzerritik etorritakoak, programa erakargarriak eta ez beti ohikoak taulara ekarriz. Venice Baroque Orchestrak eskainitako azken hitzorduak hari barrokoei zuzendutako errepertorioa izan zuen ardatz.

1714. urtean Londresera joan ostean, Francesco Geminianik eragin handia izan zuen garaian hain kuttuna zuten estilo italiar instrumentala publiko ingelesaren artean hedatuz. Izan ere, talde veneziarrak aukeratutako 12. concerto grosso-an Geminianik bere maisu Arcangelo Corellik folia dantzaren gainean konposatutako sonata izan zuen oinarri. Orkestrak hasieratik ikusarazi zuen sen eta gustu ona gidari izango zituela kontzertu osoan, baina ondoren etorri behar zena ikusiz, Geminianiren partitura beroketa ariketa txukun eta gozagarri baten gisan geratu zen.

Antonio Vivaldiren Lau urtaroak osatzen duten kontzertuek aspaldi hautsi zituzten kontzertu aretoek ezartzen dituzten mugak, eta, egun, musika barrokoaren pieza ezagunetakoak biltzen dituzte, hainbeste, ezen entzungai izaten diren itxaron-geletan —presentzialetan zein telefonoz sortzen direnetan—, igogailuetan edota telebistako iragarkietan, gizabanakoak une oro ukitzen dituztenak. Haatik, zuzeneko zein grabaketetako interpretazioak handikeriatik gertu dagoen luzimendu pertsonal hutsaren zerbitzuan egoten dira maiz. Igandean Kursaal auditoriumean izan zirenek eredu horretatik ihesi doazen fintasuna eta birtuosismoa topatu zituzten.

Chouchane Siranossian biolin jotzaileak seinalatutako norabidea jarraituz, urtaroek modu organikoan jarraitu zioten batak besteari, musikari ere arnasa hartzen utziz. Zehaztasuna natural, musika eta paisaia eszenikoak bizirik. Bereziki ederra izan zen Siranossianek Neguaren Largo-ra egindako pasabide sotil eta dotorea: gu guztiok utzi gintuen «sutondoan lasai eta alai, / kanpoan euriak dena blaitzen duen bitartean», bisa lortu arte txaloka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.