Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Haurtzaroko lurrak

2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Haurtzaroko lur mugatuak oinkatzea asko kostatzen zait, euretan falta direnen tristuragatik. Gehiago kostatzen zait beste lur mugagabeei zentzua hartzea, euretan nire haurtzaroa falta delako. Oroimeneko bizilagunak ez dira zahartzen. Haurtzaroko haurrek haur jarraitzen dute eta nerabezaroko nerabeek, nerabe. Ilargi erdiak zergatik pozten ote nau beti, eta ilargi osoak tristatzen, ia beti?

Nire gauzak neuri bakarrik interesatzea ez dago gaizki. Oso ondo konpontzen naiz neure pentsamenduekin, kontrakoenak barne. Gero, pertsonekin topo egitean, gutxi egokitzen zaizkit ongi. Bai, Pascal! Izateko arrazoiak badira. Dudan dagoena da zer izan nahi dugun. Horretan, zu eta ni esfera ezberdinetan gaude. Zu frantses konbiktua zara, eta ni, homologo biziraule bat.

«Jakin-mina ez da banitatea baizik diozu. Gehienetan, zerbait jakin nahi dugu, hartaz hitz egiteko bakarrik». Dena besteentzat ikasi bagenu bezala. Argi! Norbaitek oso jakintsuaren inpresioa utzi badizu, agian ez zara ohartu dakien guztia esan dizula. Jakiteak ez du trabarik, baina jakite batzuen bizikidetza zaila da. Jakintsu handiek oso gutxi dakite jakin beharrekoak diren gauzetan.

Bizitza zer den azkenean jakiten dela esan dizunak argi dago bizitza alferrik galdu duela. Egia da bizitza osoa behar dela, bizitza zer den jakiteko, baina orduan ez du ezertarako balio. Azkena beti dela galtze bat ere esango dizute. Nik diotsut ez duzula ezer galduko, zegoena baliatu baizik. Bitartean, ez nazazu itsutu, arren. Begiak ateratzen badizkidazu, zeureetatik begiratuko dizut. Jarraitzen, Pascal? Ongi bizi naiz, bai, hilda ere egon bainintekeen. Gaizki nabilenean, gutxi animatzen nau entzuteak beste bat zer ondo dabilen. Horregatik, badaezpada, gaizkiago daudenak bisitatzen ditut. Burua joaten? Utziozu, baduzula dakizun bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.