Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Kontu sinpleak

2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Hildako bat bost izarreko hotel batean. Ez da 27koen klubean sartuko, eta hala ere, rock star askok baino hobeki egin izan zien burla plaza betean txistuka ardura politikoa eskatzen ziotenei. Espainiako parlamentuko diputatu izan gabe, minutuko isilunea haren alde bertan, solemnitate handiz eta hedabideen goragailuez, eta ez protestatu, utzi hilak bakean.

Hildako bat lanean ari zela sabai-leihotik behera erorita Bilbon; beste bat, barka, bi, Gasteizko Michelinen hilabetean gure autoek gurpil gainean ibiltzen segi dezaten. Zerrenda luze bateko izenik gabeko hildakoak guztiak, soilik lankideak pankarta atzean, euripean, Ignazio Aiestaranek gogorarazi digun bezala: «Langileriak ez du bere isiltasun minuturik. Haien bizitza isilek tanatorioan dute elkartasuna aurkitzen, fabrikan, auzoan, familian».

Oso gurea da joan direnak gure artean ahalik eta gehien bizirik segitzea. Hala saiatzen gara han-hemen bakoitza bere arloan, eta ez, erlijio ikuspegitik ez bada, kontzientzia lasaibide baino ez da Etxahun-Iruriren hura, kasualitatea, Trevilleko kondeari eskaini ziona: «Heriuak bardintzen handi-txipiak».

Ez da hemen berdintasunik. Lotsatu egiten nau pellokeriak, hil eta gero ere hortxe segitzen du injustizia sozialak. Batzuei kale eta plazen izenak ematen zaizkie, zubienak, eraikin ikusgarrienenak, aireportuenak, estadioenak. Besteei, ezereza, nahiz eta kale, plaza, zubi, eraikin ikusgarri, aireportu, estadio horiexek berak eraikitzen ari zirela hil.

Milaka lagunek beteko dute gaur, esaterako, Donostiako futbol zelaia Realaren eta Bartzelonaren arteko matxa ikusteko. Zail ikusten dut dagoeneko Anoetari izena aldatzea; isiltasun minutua egiteko, berandu da; baina nonbait jasoa behar lukete estadioa egiten hil ziren langile portugesen izenak.

Eta hala gure txoko guztietan, izenen hilobia eramanezina egin arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.