Artze eta bere unibertsoa gogoan

Joxan Artze poeta, musikari eta kulturgilea omendu dute Donostiako San Telmo museoan
Maddi Oihenart, Mixel Arotze eta Mixel Etxekopar kantuan, Joxan Artze zenaren omenez, atzo, Donostiako San Telmo museoan.
Maddi Oihenart, Mixel Arotze eta Mixel Etxekopar kantuan, Joxan Artze zenaren omenez, atzo, Donostiako San Telmo museoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko apirilak 25
Kulturaren arlo askotan aritu zen Joxan Artze (Usurbil, Gipuzkoa, 1939-2018), eta askotariko adierazpideekin osatu zuen bere unibertso propioa. Horregatik, askotarikoak izan ziren ere poeta, musikari eta kulturgileari omenaldia egiteko atzo baliatu zituzten bideak. Eta askotarikoak, halaber, Artze omentzeko elkartu ziren artistak. Denak unibertso berean aritu ziren atzo iluntzean, poesia, musika, dantza eta ikus-entzunezko proiekzioak uztartuz, Donostiako San Telmo museoan. Urtarrilean zendu zen sortzailea; hura eta haren unibertsoa omentzeko antolatu zuten ekitaldia museoak eta Donostiako Udalak.

Kutsu esperimentala eta mistikoa izan zuen ekitaldiak, Artzek bere sortzaile ibilbidean bezala. Oholtzarik ez zuten jarri museoko elizan; lurrean, kandelaz inguratutako zirkulu bat besterik ez. Haren bueltan elkartu ziren artista guztiak. Ilunpetan eta isiltasunean hasi zen ekitaldia. Argi jolasek eta olatuen hotsek hartu zuten gero lekua, eta txorien hotsek ondoren, ikus-entzunezko irudiek lagunduta. Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa izan zen lehena kantatzen, labur, Loreto Fernandez Imaz organoan eta Sorkunde Idigoras viola da gambarekin lagun zituela. Ramon Agirrek Artzeren poema bat —Bakarrik sartzen gara mundura— errezitatu zuen jarraian, eta Mixel Arotzek, Maddi Oihenartek eta Mixel Etxekoparrek hartu zioten lekukoa ondoren, Lurralde Zilarra kantatzeko. Haien ondotik, Gure bazterrak errezitatu zuen Miren Aranburuk, eta ttunttuna eskuetan, Julen Axiari kantuan aritu zen, baita Oihenart berriro ere, jarraian. Agirrek hartu zuen hitza segidan, Gogo eta gorputzaren zilbor hesteak poema errezitatzeko. Artzeren olerkiak tartekatuz joan ziren ekitaldi osoan.

Mizel Theret agertu zen orduan elizan, makila bat eskuetan dantzan, Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona errezitaturik entzuten zen bitartean. Etxekoparren txirula lagun kantatu zuen Beñat Axiarik jarraian, Theretek dantzan segitzen zuen bitartean, eta Pedro Solerrek gitarrarekin lagundu zuen Axiari geroago, beste kanta batean.

Txandaka, baina aldi berean elkarrekin jardun zuten artistek ordubete baino gehiago iraun zuen ekitaldian. Errezitaldiak ikus-entzunezko irudiekin tarteka, dantzak kantuekin beste batzuetan, musikariak elkarren artean maiz. Edonola ere, askotarikoak izan ziren haien arteko konbinazioak: bakarka kantatu zuen Oihenartek Xoriñuak kaiolan, eta elkarrekin Beñat eta Julen Axiarik Xoxo beltza. Zubillaga kantuan ari zela, dantzan egin zuten Malandain Balleteko Gael Domengerrek eta Aureline Guillotek, arrosa bana eskuetan. Eta musikariekin zein Ensemble Vocal Donostia abesbatzarekin batera ondoren.

Artzeren irudia pantailan agertu zen amaieran, eta Txoria txori kantatu zuten artista guztiek batera. Eneko Goia Donostiako alkateak argizaiola bat eman zion une hartan Karmen Estebani, Artzeren alargunari, eta txalo zaparrada baten ostean, publikoak berriro kantatu zuen Txoria txori.

Goiaz gain, Susana Soto museoko zuzendaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Denis Itxaso Kultura diputatua ere izan ziren sortzailearen omenezko ekitaldian. Aurrez agortuta zeuden gonbidapen guztiak, eta aretoa bete zuen jendeak.

'Ikimilikiliklik', ikusgai

San Telmo museoak Ikimilikiliklik. JA Artzeren Unibertsoa erakusketa aurkeztu zuen 2015eko azaroan. Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek zuzendu zuten proiektua, museoaren, EHUko Mikel Laboa katedraren eta Morgancrea etxearen laguntzarekin. Artzeren ibilbidean egindako «bidaia» gisa definitu zuen bideo instalazioa Lizarraldek. Sortzaileak duela 40 urte baino lehenagotik ordura arte egindako obrak bildu zituzten, haren lana ezagutzen ez zutenek deskubritzeko eta ezaguna zutenek hartan sakontzeko asmoarekin.

Orain, proiektua berreskuratzea erabaki dute museoko arduradunek, eta bideo instalazioa zentroaren laborategian berriz ere ikusteko aukera dago, maiatzaren 20ra bitarte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna