Udako lanak bukatuta

Sasoiko lanak ugaritu egiten dira udan. Soilik denboraldi horretan egiten direnez, beste lan bat izatea komeni da. Batzuek neguko lanekin osatzen dute jarduna; beste batzuek ikasketekin uztartzen dute udako lana.

Gorka Fernandez. Surflaria eta eski konpontzailea. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Jone Arruabarrena - Miren Mujika Telleria - Iker Tubia
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
«Ziurgabetasuna erabatekoa denez, master bat egitea erabaki dut»

Daniel PeraltaBela irakaslea

Udan du lan gehien. Bela entrenatzailea da Daniel Peralta, eta, udan, Allozko urtegian aritzen da begirale, Nafarroan. Normalki martxotik irailera arte egiten du lan: lehenbizi eskoletako kanpaina egiten dute, eta, ekainetik aurrera, udako ikastaroak. Aurten, koronabirusaren pandemiak hankaz gora utzi zizkien martxotik ekainerako lanak, baina ekainetik aurrera udako kanpainan aritu da lanean beste begirale batekin batera.

Udako lanetan 18 urterekin hasi zen Peralta. «Beti ibili naiz kuadrillakoen kontrara». Lagunek denbora librea eta oporretara joateko aukera zuten bitartean, hark lan egiten zuen. Ez zitzaion sobera inporta, hala ere: «Niri lan hau gustatzen zait, eta ongi sentiarazten nau; beraz, gozatu dut lanean, merezi izan du. Gero, urte guzian aurrezkiak nituen, eta oso ongi zetorren».

Orain arte ikasten aritu da; beraz, uda sasoi ona zuen lanean aritzeko. Hala ere, ez da hori hark egiten duen lan bakarra: «Sasoiko lanetan, normalean, beste lan bat izatea komeni da. Ni, zorionez, Nafarroako Bela Federazioko entrenatzaile naiz, eta horrek laguntzen dit urte osoan mantentzen edo irauten». Iaz bukatu zituen ikasketak, eta otsailean bukatu zuen gradu amaierako lana. Martxotik aurrera lanean aritzea zen haren asmoa, baina, dena prest zutenean, etxeko itxialdia hasi zen. «Ontziak prestatu genituen, dena uretara eraman... dena prest genuen. Azkenean, aste bakarra egin genuen eskola kanpainan; dena zapuztu zigun konfinamenduak».

Zalantzak ziren nagusi martxo hasieran, eta aurten lanik eginen zuten ere ez zuen batere argi Peraltak. Azkenean, bai, azkenean lan egiteko aukera izan dute: «Ekain hondarrean hasten da udako kanpaina, baina hilabete hasierara aurreratu genuen». Ez da uda txarra izan: «Erantzun ona izan dugu, eta aste batzuetan jende dezente etorri da, beste urte batzuen antzera. Uste dugu jendeak turismoa bertan egin duela; horregatik, inguruko jendea animatu da horrelako jarduerak egitera».

Udako lanak egiten dituztenek pentsatu beharra dute gainerako hilabeteetan zer egin. Peraltak orain arte ikasketak eta entrenatzaile lanak aldi berean egin ditu, baina ikasketak bukatu ditu. «Ziurgabetasun erabatekoan geundela ikusirik, azkenean master bat egitea erabaki dut; beraz, irailean horrekin hasiko naiz». Eta, noski, entrenatzaile jarduerarekin batera eginen du hori. Modu horretan, «belarekiko zaletasuna eta lana» mantentzeko aukera izanen du aurten ere.

«Diru gehiago irabazten dut udan, kurtsoan zehar baino»

Mikel MartinezBegiralea

Ez bat, ez bi: hiru gauza ezberdinetan aritzen da Mikel Martinez urte osoan. Kurtsoan zehar goizetan ikasi egiten du, eta, arratsaldeetan, Gasteizko gimnasio batean egiten du lan. Udan, berriz, Sobron Abentura parkean (Araba) aritzen da aisialdiko begirale lanetan. Urteak daramatza nomada gisa lan esparruan; duela zortzi urte hasi zuen udako lana: «Landa inguruneko gorputz eta kirol ekintzen gidaritzako erdi mailako gradu bat egin nuen, eta praktikak Sobronen egokitu zitzaizkidan; gero, hemen gelditu nintzen». Gimnasioko lanean ere, Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapeneko gradua egin osteko praktiketan hasi zen, eta, ondoren, kontratatu egin zuten. Praktika akademikoei esker lortu zituen bi lanok, beraz. Hala ere, Martinez ez zen horrekin konformatu, eta Haur Hezkuntzako gradua ikasteari ekin zion: «Asko atsegin ditut umeak». Errutina ez du maite, eta asko estimatzen du bere lanek ematen dioten malgutasuna: «Sobronen ekintza asko daude, eta begiraleok ere denetarik egiten dugu; piragua, eskalada, surfa, via ferrata... denbora guztian ekintzaz aldatzen dugu, eta horrek lana oso eramangarri egiten du. Gimnasioan ere antzerako zerbait da». Gainera, lan horiek ere umeekin lan egiteko aukera ematen diote: «Egunak oso ezberdinak dira. Umeekin lan eginez gero, egunak ez dira errepikakorrak izaten, normalean».

Hala ere, sasoikako lanetan aritzeak desorekak ere ekartzen ditu ekonomikoki; kurtsoan zehar lanaldi erdiz egiten du lan Martinezek; udan, berriz, lanaldi osoan: «Diru gehiago irabazten dut udan urtean zehar baino». Horrez gain, toki ezberdinetan lan egiteak lekualdaketa bat ere badakar, eta horrek arlo pertsonalean ere eragina dauka: «Udan gogorragoa da, egun osoan egiten baitut lan, eta esan daiteke hilabete horietan kasik hemen bizi naizela». Harremanak ere aldatzen dira; udakoak eta negukoak, leku batean eta bestean, «desberdinak» direla dio Martinezek. Iraila, berriz, «trantsizio hilabete» gisa deskribatzen du. Sasoi horretan aprobetxatzen du oporraldi txikiren bat hartzeko.

Aurten bukatu du Lehen Hezkuntzako gradua, eta ikasketa horiekin zerikusia daukan zerbaitetan lana aurkitzea du helburu orain: «Orain arte sasoikako lanak nahiago nituen, ikasten ibili naizelako. Hala ere, behin karrera amaituta, hezkuntzaren arloan zerbait aurkitzen saiatuko naiz. Orain ere pozik nago; oraingoz ez dut lanaldi osoko lan baten bila aritzeko asmorik, ez dut behar». Argi dauka Martinezek lana non bilatu nahi duen; etorkizuna, ordea, ez da hain argia arlo horretan: «Eskola publikoetako zerrendetan izena eman nuen, baina ia-ia ezinezkoa da. Beraz, curriculuma bidaltzen ari naiz pribatuetara. Espero dut urte honetan hezkuntzan aritzea, baina pandemiaren auziarekin, batek daki».

«Udan hondartzan eta neguan elurretan egotea gustatzen zait»

Gorka Fernandez Surflaria eta eski konpontzailea

Uda osoa Donostiako Groseko Indarra elkartean lanean igaro ondoren, azaroaren 15ean Austriarako bidaia egingo du Gorka Fernandezek. Izan ere, urtaroaren arabera mugitzen da Fernandez; udan itsasoak mugitzen du, eta neguan, berriz, elurrak. Udan, Groseko Indarra surf elkartean aritzen da mantentze lanetan: «Ekainarekin batera hasten naiz lanean, eta nire lana izaten da Groseko Indarra Klubean neoprenoak eta surfeko taulak ematea surf egitera datozenei». Hori gutxi ez, eta surfeko monitore lanak ere egin izan ditu luzaroan, baina aurten, koronabirusa dela eta, elkartearentzat bestelako lanak egitea egokitu zaio.

Hala ere, lana ez da uretara sartzeko oztopo izan Fernandezentzat; tarterik txikiena ere surf egiteari eskaintzen baitio: «Astelehenetik ostiralera egiten dut lan; beraz, asteburuan surf egiteko tartea hartzen dut, eta aste barruan, lanera sartu aurretik edo ondoren». Irailaren erdialdean amaituko du Fernandezek bere udako lana, eta azaroan Austriara egingo du salto. Ischgl eski estazioan egiten du lan; mantentze lanetan han ere: «Neguan, Ischglen eskiak konpontzen egiten dut lan, pistetan bertan dagoen tailer bakarrean».

Hala ere, ez da bertan egiten duen lan bakarra; izan ere, Fernandezek azaldu duenez, Ischgl eski estazioan urteroko ohitura izaten da gauetan lerekin 11 kilometroko aldapa batetik botatzea, eta lerak banatzen ere aritzen da astean bi egunetan: «Astean bi egunetan lerarekin egiten dut lan; zuzeneko musika egoten da gauean, eta jendeari lerak banatzen aritzen naiz». Lau urte daramatza Fernandezek Austriako neguko plan horrekin, baina lehenago ere izana da bi urtez Astuneko (Espainia) pistetan lanean.

Aurten, azaroaren 15ean da joatekoa Ischgleko eski pistetara berriro ere, eta proposamen bat egin diote handik: «Esan didate beste hamar edo hogei urte gera naitekeela bertan lanean». Pozik jaso zuen Fernandezek Ischgletik egindako proposamena; gustura egiten duen lana dela aitortu du, eta prest dago luzaroan horri ekiteko. Surfa bezala, eskia ere gustuko du Fernandezek, eta elurretako lanak ere ez dio eskiatzeko gogoa kentzen: «Astean sei egun egiten ditut bertan lanean; asteartean izaten dut jai, eta eskiatzen pasatzen dut eguna. Asteazkenetan ere, pistak gauez irekitzen dituztenez, eskiatzeko tartea hartzen dut». Urteak daramatza Fernandezek bere bizitzako plan horrekin; surfa eta eskia, eskia eta surfa, eta, aipatu duenez, planari luzaroan heltzeko prest dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.