KRITIKA. Musika Hamabostaldia

Budapesteko festa orkestra

2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Budapest Festival Orchestra

Zuzendaria: Ivan Fischer. Pianoa: Dejan Lazic. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 27.

Hamabostaldiaren itxiera kontzerturako Budapest Festival Orchestra baino talde aproposagorik ez dago: jaialdia gehien bisitatu duen orkestra da, eta beti ekartzen du festa izaera, ez soilik izenean, baita programetan ere. Oraingoan Darius Milhauden Idia teilatuan ballet-pantomimarekin ireki zen kontzertua. 1919an konposatua, maxixe, tango zein sanba brasildarretan oinarrituta dago, eta gerora Pariseko taberna ezagun batek hartu zion izena. Tonalitateen gainezarpenarekin jolasean, obra aparta da metalen koloreaz eta orkestraren malgutasunaz disfrutatzeko.

Dejan Lazicek bakarlari eta konpositore lanak uztartzen ditu, eta maiz aritu da Ivan Fischerrekin. Ostiralean bien begirada argiaren erakusgarri izan zen Piano eta orkestrarako kontzertua, Maurice Ravelek, antza, Mozarten eta Saint-Saënsen eraginpean idatzi zuena. Lehen mugimenduan fagotaren, harparen eta tronparen lerro garbiak zetozen orkestratik; tekletatik zehaztasuna eta bizitasuna. Bukaerako Presto-aren soinu-urjauzian murgildu baino lehen, Lazicek goia jo zuen Adagioassai bikainean, sinpletasunetik fintasunera doan bidean adar ingeles samurraren eskuari helduz.

Erik Satieren 1. Gymnopédie eta 3. Gnossienne bertsio orkestratuan eskaini zituzten gero — Claude Debussyrena lehena eta Francis Poulencena bigarrena—. Benetan gozagarriak izan zitezkeen, publikoko kideren bat momentu leunenetan goxokiak irekitzeko obsesioak jota ez balego. Programaren bukaeran Galanta dantzak entzun ziren, non Zoltan Kodalyk Galanta inguruko melodiak jaso zituen Budapesteko Elkarte Filarmonikoaren 80. urteurrenerako. Fischer orkestra bezain distiratsu aritu zen, ohiko karisma eta sen onaz sekzio guztiei mamia ateraz, klarinetearen kadentzian zein lau dantzen eztanda erritmikoan.

Festa amaitzeko, erro folklorikoei eusteko ohitura jarraituz, instrumentuak alde batera utzi eta orkestrako kide guztiak doinu hungariar bat abesteko bildu ziren. Kantatzen duen orkestra...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.