San Antonio festak Igorren

Aniztasunak aberastuko ditu jaiak

Igorreko sanantonioek hasiko dute udako jaien sasoia. Urtero bezala, errugbi inklusiboa bultzatzeko topaldia egingo dute, besteak beste

Gorabide elkarteko Uni Bilbao taldeko kirolariak errugbi inklusiboa praktikatzen. GORABIDE.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ekainaren 21ean hasten da ofizialki uda, baina toki guztietan hori ez da urtaro aldaketarenadierazle bakarra izaten. Igorren (Bizkaia), adibidez, solstizioa baino aste batzuk lehenago hasten da uda herritarrentzat, herrikojaiekin batera. Hala aitortu du Naiara Zurinaga Igorreko jaietako zinegotziak. «Arratia eskualdean, sasoiko lehen jaiak izanik, festa gosez eta gogotsu egoten dira bertakoak, eta Igorreko sanantonioetan asetzen dira», azaldu du. Hain zuzen, bihar hasiko da udako jaien denboraldia Bizkai hegoaldeko eskualdean. Hilaren 16ra arte, egitarau zabala prestatu dute jai batzordeko kideek eta herriko kolektiboek. Igorreko sanantonioen ostean, atzetik etorriko dira, errenkadan, herri txiki eta hiriburuetako parranda gauak. Bizpahiru hilabete barru jakingo da urtaroaren bukaera ere jairen batek markatuko ote duen.

Egitarau indartsua antolatzen dute urtero Igorren. Zurinagak aitortu duenez, ez da lan erraza izaten, hala ere. «Jai batzordean, zinegotziaz aparte, hiruzpalau pertsona soilik gaude, eta dena antolatzea lan handia da». Herriko kolektiboek egitaraua osatzeko proposamenak egiten dizkiete, baina proposamen horiek aurrera atera ahal izateko egin beharrekoak «infinituak» direla esan du. Hala ere, nabarmendu du jaiak hasitakoan elkarteen inplikazioa handia izaten dela, eta edozertan laguntzeko prest izaten direla. «Kuadrillek ere jaien barruan ardura asko hartzen dituzte, eta hori eskertzekoa da».

Egitarauari dagokionez, familien artean arrakasta handiena lehen larunbateko paella eta pintxo txapelketak izaten du, Zurinagaren arabera. «Gazteen artean, tabernetan egiten den rally umoretsuak ere jende asko batzen du», gaineratu du. Ekintzen artean ere badaude pilota taldeak antolatutako Bertsopilota nahasketa bitxia, edota futbol taldearen ardurapean egiten den neska kadeteen txapelketa. Larunbat goizean egingo dute azken hori Urbieta kirol zelaian; igande arratsaldean batuko dira pilotakadak eta errimak goiko plazako frontoian.

Eskualdeko errugbi talde Arratiako Txekorrak, berriz, ekarpen desberdin eta berezia egin du sanantonioen egitarauan, azken urteetan egin duen bezala, Zurinagaren esanetan, «gainontzeko herriko jaietan aurkitzen ez dena». Hain zuzen ere, errugbi inklusiboarekin lotutako ekintza prestatu dute larunbat goizerako. Horrez gain, arratsaldean Zazpiko Errugbi Txapelketako finalak jokatuko dituzte 105eko Errugbi zelaian.

Duela bost urte inguru, adimen urritasuna duten lagunentzat errugbian jokatzeko kontzentrazioak antolatzen hasi zen Bizkaiko Errugbi Federazioa Gorabiderekin elkarlanean, adimen urritasuna duten pertsonen integrazioan lan egiten duen elkartearekin. Ikasturtean, hilabetean behin batzen dira Erandion (Bizkaian) Gorabide elkarteko 18 eta 40 urte bitarteko errugbizaleak, eta kirola praktikatzen dute. Duela bizpahiru urtetik, denboraldi amaierako kontzentrazioa Igorreko sanantonioetan egiten dute, festen testuinguruan. Arratiako Txekorrak Igorreko errugbi taldeak egindako proposamena izan zen ekinaldia. Gerbasio de la Fuente Bizkaiko Errugbi federazioko presidenteak aitortu du ustekabean iritsi zitzaiela aukera. Eta are gehiago: «Gero eta gehiago deitzen gaituzte Bizkaiko herrietatik, beren herrietara ere gerturatzeko». Mungian eta Elorrion izan dira azken hilabeteotan, esaterako.

Aniztasuna jaien erdigune

Errugbiak kirol bortitza izateko itxura duen arren, De la Fuenteren ustez ezjakintasunagatik gertatzen da hori. «Guztiz kontrakoa da: apaltasuna, kiroltasuna, laguntasuna eta talde lana transmititzen ditu, eta hori oso aberasgarria da adimen urritasuna dutenentzat». Azaldu duenez, gazteak oso gustura etortzen dira kontzentrazioetara, eta askok egun gehiago pasatu nahi izaten dute. Fisikoa asko garatzen dutela azaldu du.

Txosnetan egiten dute kontzentrazioa, festa giro betean, eta ez zelaian. «Horrek asko laguntzen du jendea hurreratzen». Are gehiago, gainontzeko kontzentrazioekin alderatuz, Igorren herritarrek ere parte hartzen dute: adimen urritasuna duten pertsonei ilusioa pizten die horrek, eta motibatzen, denak maila berean eta berdin ikusita. Ordu eta erdiko kontzentrazioa bukatuta, bazkaria ematen diete herritarrek, eta horrela amaitzen duteerrugbi denboraldia

Errugbia, baina, ez da Igorreko sanantonioetan egongo den kirol inklusiboaren adibide bakarra izango. Hain zuzen ere, Oscar Marcosek botako du jaien hasierako suziria: txirrindularitza egokituko goi mailako lehiaketetan aritzen da, Igorrekoa da, eta herritarrek aukeratu dute zeregin horretarako. Ordua jarria dute dagoeneko: 19:00etan, Goiko Plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.