Erakusleihoen bestaldean

Bidegurutzeen hiri bihurtu da Bilbo azken urteetan, zaharraren eta berriaren elkargune. Errealitate hori dendetan ere nabari da: betiko dendak eta ireki berriak bizikide dira hiriko kaleetan. Horietako hiruren historia jakiteko ibilbidea antolatu du BilbaoDendak.

Uxue Gutierrez Lorenzo.
2018ko urriaren 11
00:00
Entzun

Ciclos La Ferro.

 

 

Antzinako familia negoziotik jaso du izena bizikleta dendak

Familiako negozio zaharrak eman zion izena denda txiki bezain xarmagarriari: Ciclos La Ferro du izena, San Frantzisko kalean 50 urtetik gora eman zituen La Ferroviaria jatetxearen omenez. Horrela azaldu du izenaren jatorria Juan Luis Primo dendariak: «Aitonak ireki zuen jatetxea, duela 50 urte baino gehiago. Gero, hogei urtez ibili ziren gurasoak bertan lanean, auzoz aldatu ginen arte».

Umetan utzi zuen San Frantzisko auzoa Primok, baina bueltan da orain. Multinazional handi baten jarduteari utzi, eta bizikleta denda txiki hau ireki zuen. Bada, zer dela eta bizikletak?

Bizikletaren sorrera XIX. mendean kokatzen bada ere, ordutik hona aldaera eta berrikuntza ugari izan ditu. Berrikuntza horien adibide dira Primok bere dendan eskuragarri dituen bizikleta tolesgarriak eta gurpilen biraketak sortutako energiari esker gailu elektronikoak karga ditzaketen bizikletak. Aitortu du bizikleten eta konpoketen zalea izan dela betidanik, aurrez sektorean esperientzia profesionalik izan ez duen arren. Formakuntza jaso, eta bideari ekitea erabaki zuen 2014an. «Betidanik gustatu izan zaizkit bizikletak, baita nire kabuz proiektuak egitea ere». Primok «arazo askoren konponbidea eta etorkizuneko garraiobidea» deritzo bizikletari. Horrela, Europako beste hiri askotan ikusitako eredua sustatu nahi du. «Auzoak dituen aparkatzeko arazoentzako eta hiriko mobilizazio oztopoeentzako konponbide paregabea da bizikletan mugitzea, Europako beste toki askotan martxan dagoen bezala», esan du dendariak.

Auzo zaharrean irekitako negozio berriaren adibide da Ciclos La Ferro: orain lau urte jaio zen denda, Martzana kalean. Zaharraren eta berriaren arteko bidegurutzea da denda. Hala ere, bizikleta denda hutsa izatetik harago joan nahi izan du sortzaileak.

Pedal mekanismo soil batekin dabilen garraiobidea da bizikleta, sinple bezain konplexua. Mendikoa, hirikoa, tolesgarria, hibridoa... Egun, gustu eta erabilera askotarako bizikletak aurki daitezkeela jakitun, Primok espezializazioaren hautua egin zuen: bizikleta zaharren konponketari eta bidaia luzeetarako bizikleten salmentari arreta berezia eskaintzea erabaki zuen. «Bidaia luzeetara bideraturiko bizikletak saltzen ditut, batik bat. Ohiko bizikleta dendetatik desberdintzeko ahalegina da». Tankera horretako kolore guztietako dozenaka bizikleta ditu sabaitik eta hormetan zintzilik.

Licores y Vinos Ruiz.

 

 

Familiako hiru belaunaldi igaro dira bertatik 75 urtean

Belaunaldiz belaunaldi igaro da likore dendaren negozioa Ruiz familian. Egun, Rafa Ruizen esku dago saltokia: ruiztarren hirugarren belaunaldia da. Haren aitona zenak ireki zuen denda, 1943. urtean, janari denda gisa, San Frantzisko auzoaren magalean dagoen Hernani kalean. 75 urte geroago, toki berean jarraitzen du lokalak. Hiriguneko auzorik zaharrenetako bat da San Frantzisko, urteen poderioz eraldaketa ugari jasan dituena. «1960ko hamarkadan, Cortes kalea zen hiriko festa gunea: orduan erabaki zuen aitak janari denda likore denda bihurtzea». Egun, betiko denda txikiek, etxebizitza eraikin zaharrek eta biztanleria heterogeneoak ezaugarritzen dute auzoa.

Aitarekin batera aritu da Ruiz urte luzez dendan, orain hilabete batzuk hura zendu zen arte. Hala ere, aitaren erretiroaren ondotik dendaren gidaritza bere gain hartu zuen Ruizek, orain sei urte. Familia negozioa izanik, txikitatik ibili da dendan hara eta hona: « Gabonetan, lagunak oporretara joaten zirenean, dendara jaisten ginen arreba eta biok. Han ibiltzen ginen biltegitik botilak hartu eta apaletan jartzen».

Denera, 1.000 likore mota baino gehiago aurki daitezke dendatxoko apaletan: erakusleiho erraldoi bat da denda. Ruiz ahalik eta eskaintzarik zabalena edukitzeko ahaleginetan dabil, «mundu guztia gustura gera dadin». Bezeroak den- denak ditu begien aurrean: «Erosteko, ikusi beharra dago: ikusten baduzu, eska dezakezu; ikusten ez baduzu, ez dakizu hor dagoela». Apalategiak kolore, tamaina eta jatorri askotako botilaz josita daude.

Norbanako, taberna zein jatetxeen hornitzaile da dendaria, eta, batez ere, gertukoei saltzen dizkie likoreak. Eskaintza zabala duen arren, aitortu du enkargu «arraroak» egin dizkiotela askotan: «Uda ostean enkargu asko egiten dizkidate. Jendea oporretara joaten da, eta bat-batean konturatzen da bertako likore tipikoa erostea ahaztu zaiola, edo atzerrian probatu zuen edari hura hemen eskura dezakeen galdetzera etortzen dira. Ahalegintzen naiz horiek lortzen».

Bakarrik dabil saltzailea dendaren kudeaketan, horrek dakartzan alde on zein txar guztiekin. «Langile bakarra ni izanik, tratu zuzena dut bezeroekin: ez dago bitartekaririk. Horrela, konfiantza handia sortzen da bezeroekin. Bezeroak dira, baina baita lagunak ere». Bestalde, lanaldi luzeak eta opor gutxi dituela dio, negozioa bakarrik kudeatzea ez baita lan makala. «Ordenagailu bat balitz bezala funtzionatu behar dizu buruak, eta, batzuetan, zoratu ere egiten zara».

Ekonomia ikasten hasi zen Ruiz, baina laster baztertu zuen ideia, eta familiako oinordekotzari eutsi. Orain, gustura dabil: «Lan interesgarria da. Ardo eta likore berri ugari probatzeko aukera ematen dit: egunero merkaturatzen da zerbait berria».

Bacalao Gregorio Martin.

1931n ireki zuten, eta bertako bakailaoa ospe handikoa da Bilbon

Pil-pilean, Bizkaiko erara, tortillan... Asko dira iparraldeko uretako erregea dastatzeko Euskal Herrian errotu diren errezetak. Tradizio handiko arraina da bakailaoa, Kantauri itsasoko uretan arrantzatu ezin bada ere. Hamarkadetan, euskal arrantzaleek bidaia luzeak egin dituzte Ipar Atlantikoko uretan balea eta bakailaoa arrantzatzeko asmoz. Produktuaren arrakastaren jakitun, 1931. urtean ireki zituen ateak Gregorio Martin janari dendak, Bilboko Zazpi Kaleetan; Artekalen, zehazki. Ordutik, Bilbon bakailaoa erosteko erreferentziazko gune bilakatu da negozioa. Gregorio Martin zenak sortu zuen, eta, egun, Luis Arbiol haren ilobak hartu du negozioaren ardura.

Negozio gizon trebea zen Martin; orduko bakailao inportatzaile nagusiarekin, Trueba y Pardorekin, itun estua sinatu zuen, eta negozioaren iraupena bermatu. «Ipar Atlantikotik heltzen zen bakailaoa Bilbon porturatzen zen, eta horrek erraztasuna ematen zien hemengo merkatariei produktu hori lortzeko. Barrualdeko eremuetan, esaterako, arazo handiagoak zeuden horretarako. Hori dela eta, bakailaoa tradizio handiko jaki bihurtu da», azaldu du Arbiolek.

Era horretan, 87 urte bete ditu aurten saltokiak, baina ez dira gutxi izan dendatxoak bizirik irauteko gainditu behar izan dituen oztopoak. Horiek horrela, jada bakailaoa ez da salmenten izarra, eta jaki gehiago topa daitezke dendan.

36ko gerraren garaian, portuak itxi egin zituzten. Bakailaoa saltzea ezinezko bihurtu zen. Denda ixtea, ordea, ez zen aukera bat izan jabeentzat; zerbait saldu beharra zegoen. Orduantxe erabaki zuten denda eraldatzea, bertoko produktuak gehituta. Bakailaorik ez, eta lekaleak eta fruta saltzen hasi ziren: egun arte iraun du produktuen eskaintza horrek.

1983an, uholdeek hiria astindu zuten, eta garai zaila izan zen dendarentzat. Ura, barruraino sartu, eta sabairaino iritsi zen. Hala gogoratu du Arbiolek: «Jakiak saltzen genituenez, dena galdu zen: ahalegin handia egin behar izan genuen negozioa leheneratzeko». Garai hartatik, salmahaiak bakarrik dirau bere hartan.

Beste asko bezala, betidaniko denda txiki bat da Gregorio Martin, eta Arbiolek gustuko du halakoa izatea: «Egun, supermerkatura sartu, apaletik produktu bat hartu, ordaindu, eta azkar alde egiteko ohitura dugu. Denda txikietan tratu zuzena dago dendariarekin: aholkuak ematen dizkiogu bezeroari, erabilera jarraibideak...Eta bezeroek harreman zuzen hori nabaritu eta eskertu egiten dute, nire ustez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.