BA AL ZENEKIEN ...

2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
... Polizia armatuen istiluek kalte ekonomiko handia eragin zutela?

Peñen ikerketaren arabera, uztailaren 8ko istiluek 117 milioiko pezetako kalteak eragin zituzten. Ostalariek 38 milioi pezetako galerak izan zituzten; sanferminak bertan behera geratu zirenez, zezenketen antolatzaileari, Misericordia etxeari, 49 milioi pezetako kalteak; peñei 6,5 milioi pezeta; herritarren etxebizitzei 5,6 milioi pezeta, bertan behera geratu ziren ikuskizunetako artistei sei milioi pezeta, elikagai dendei eta saltokiei 8 milioi pezeta, eta istiluek kaltetutako kotxeei 2,5 milioi pezetakoa.

Gaur egun, zenbatekoa litzateke kaltea?

2002tik, euroak ditugu esku artean, eta zuzenean euro bihurtzean, kopurua 703.100 eurokoa da, baina, jakina, 1978ko pezetak eta 2018ko euroak ez du berdin balio. 40 urteotako inflazioa aintzat hartuz gero, bost milioi eurokoa litzateke kaltea, eta kopuru horrek bestelako perspektiba ematen du kalte materialez.

Eta zaurituei zer gertatu zitzaien?

Uztailaren 8ko gauean, poliziek German Rodriguez hil zuten, baina gainera 11 bala zauritu eragin zituzten. Peñen ikerketak hala jaso zuen: Ricardo Azkona Latasak belaunean; Fermin Ilundainek besoan; Philippe Bidegainek bizkarrean; Jose Ramon Velez Mendizabal urdailean eta pankrean, Javier Artetak besoan, Javier Ibarrolak izterrean, Miguel Fernandez Diaz de Ceriok bularraldean, Tomas Saso Clementek ipurdian, Jesus Garcia Martinezek besoan. Horiek guztiak ospitaleetan artatu zituzten. Garaiko egunkarien arabera, adibidez, Velez de Mendizabal oso larri zen.

Zer beste zauritu izan ziren?

Ospitaleetan artatutakoez gain, Gurutze Gorriak gau hartan 170 pertsona artatu zituen 21:00etatik 06:30era bitartean. Peñen ikerketaren arabera, pertsona askok nahiago izan zuten ospitalera ez joan, kasu larriagoak egongo zirelako. «Gu, datuak eta adierazpenak aintzat hartuz, ez gara ausartzen zaurituen, histeria edo asfixia jasandakoen kopurua ematera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.