Euskal presoak. Espetxeetako eskumena

EAJk eta PPk ukatu dute presoen hurbiltzeari buruz «negoziatzen» ari direla

Jeltzaleek aitortu dute proposatu dutela presoak gerturatzea gehienez 250 kilometrora dauden espetxeetara, baina erantzunik ez dutela jaso

EAJko Esteban eta Zoido Barne ministroa, hizketan, apirilean. BALLESTEROS / EFE.
Erredakzioa
2017ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Negoziazioak ukatu dituzte, baina hitz egiten ari dira, EAJren arabera. «Bistan denez, ari gara ministroekin, gobernuko presidentearekin eta abar, ikusarazteko presoen hurbiltzea onuragarria izan daitekeela Euskadiko bizikidetza sendotzeko». Hala esan du Aitor Estebanek, EAJk Espainiako Diputatuen Kongresuan duten bozeramaileak, euskal presoen hurbiltzeari buruz Espainiako Ser irrati kateak atzo emandako informazio batzuez galdetuta.

Ser katearen arabera, EAJ eta PP «negoziatzen» ari dira, eta «jarrerak gerturatu» dituzte Eusko Jaurlaritzak egin omen duen proposamen baten inguruan. Zehazki, eta, betiere irrati horren arabera, Jaurlaritzak Madrili eskatu dio presoak hurbiltzeko Euskal Herritik gehienez 250 kilometrora dauden kartzeletara; tartean, Hego Euskal Herrian dauden lauetara—denera, hamarrera—. «Hainbat fasetan» egingo litzateke hori, gaixotasun larriak dituztenek izango lukete lehentasuna, eta aurreneko urratsak urtebete baino lehenago egingo lituzke gobernuak. Horrekin batera, Jaurlaritzak espetxeetako eskumenaren transferentzia ere nahiko luke.

Estebanek baieztatu du «proposamen bat» badagoela —ez ditu ez baieztatu ez gezurtatu xehetasun horiek—, baina gezurtatu du «negoziatzen» ari direla, eta berretsi du proposamen horrek loturarik ez duela maiatzaren hasieran jeltzaleek PPrekin eginiko akordioarekin Espainiako aurrekontuei buruz. «Negoziazioan ez dugu gaia aipatu, eta berririk ez dago», azpimarratu du. Dena den, elkarrizketak «aspalditik» dituztela esan du, eta presoen gaia «EAJren agendaren parte» dela.

Espainiako Gobernuak eta PPk, berriz, «gezurtatu» egin dituzte irrati kate horrek esandakoak; are gehiago, horri buruz hitz egiten ari direla ukatu dute. «Ez da egia [Ser kateak dioena], eta planteatu ere ez da egin horri buruz hitz egitea; inolaz ere», adierazi du Rafael Hernando PPk Diputatuen Kongresuan duen eledunak.

Juan Ignacio Zoido Barne ministroak ere ukatu ditu hartu-emanak, eta azpimarratu du gobernuak eutsiko diola orain arteko urruntze politikari. Twitter sare soziala erabili du hori esateko, aurrez Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidenteak bidalitako mezu bati erantzunez. «Ez dago inongo negoziaziorik, Daniel Portero, legea zorrotz betetzea baino ez dugu aurreikusi, biktimei zor diegun errespetu eta zorroztasunagatik», esan du Zoidok. Ciudadanos alderdiak azalpenak eskatu dizkio Barne ministroari Ser-ek zabaldutako informazioengatik.

Ezagutarazi ez den «plana»

Nolanahi den, EAJko diputatu Estebanek argitu duenez, eskaera hori «ezaguna» da, eta Eusko Jaurlaritzak martxoan ezagutarazi zuen. Urkulluren gobernuak, baina, ez du inoiz jendaurrean aurkeztu halakorik. Vocento taldeko egunkariek eman zuten horren berri, martxoan, Jaurlaritzako iturriak aipatuz. Hil horretan, Jose Antonio Nietok, Barne ministroaren bigarrenak, Kongresuan aitortu zuen espetxe eskumenaren transferentziari buruz hitz egiten ari zirela.

Jaurlaritzako Bizikidetza Idazkaritzak aldiro eguneratzen ditu bere planak —baita espetxe politikari buruzkoa ere—, eta ezagutarazitako azkena iazko urrikoa da. Horretan, aurrekoetan bezala, espetxe eskumenaren transferentziaz gain, presoen hurbilketa ageri da bere lehentasunen artean, baina ez da 250 kilometroen aipamena azaltzen. Vocento taldeko informazioen arabera, Jaurlaritzaren «plan berrian» jasoko litzateke eskaera jakin hori, besteak beste. Maiatzean, talde horretako egunkariek horri buruz galdetu zioten Urkulluri, elkarrizketa batean, eta lehendakariak ontzat jo zuen neurria. Larri gaixo dauden presoak «aske uztea» ere jarri zuen lehentasunen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.