Katalunia. Auzibideak. ANALISIA

Presidentearen bisita txartela

Martxelo Otamendi -

2018ko martxoak 24
Denok espero genuena gertatu zen atzo Espainiako Auzitegi Gorenean. Oso akusazio larriak, alde batetik, matxinada delitua leporatu baitzien 13 buruzagi independentziazaleri, eta beste alde batetik, kartzelara bidali dituzte Turull, Forcadell, Bassas, Rull eta Romeva.

Gainera, ustezko delituak zehazten dituen auzipetze autoa behin publiko eginda Prozedura Kriminaleko Legearen 384 bis artikuluak jasotzen dituen bi baldintzak betetzen direnez gero —auzipetze autoa eta kartzelan sartzeko agindua—, oraindik parlamentari direnei —Puigdemont, Comin, Turull, Junqueras, Forcadell, Sanchez, Bassa, Rull eta Romeva— kargu publiko hori eten egingo diete. Alegia, parlamentari kargua galduko dute, eta, haien ordez, hauteskunde zerrendan aurkeztu eta hautatuak izan ez zirenek hartu beharko dituzte haien eserlekuak.

Aipatu artikuluaren ondorioa ez da gauzatuko kargu publikoa galtzeko arriskua daukatenek jarriko dituzten helegiteen gaineko azken erabakia hartu arte; hortaz, egun eta aste batzuk pasatuko dira autoa irmoa izan baino lehenago. Bien bitartean, kartzelan daudenek parlamentari izaerari eutsiko diote, baina gehienez boto delegatua erabiltzeko baimena emango die Llarena instruktoreak, Junqueras eta Sanchezekin erabili zuen irizpidea ez badu aldatzen. Atzerrian dauden Puigdemont eta Cominek ere aldi batean parlamentari izaten segituko dute, baina ezin izango dute boto delegatua erabili.

Atzotik kartzelan daudenak ez dira berriro kalera aterako, eta kartzelatik joan beharko dute zuzenean urtebete barru inguru egingo den epaiketara. Duela egun gutxi erabaki zuen magistratuak instrukzioa urtebetez luzatzea; beraz, epaiketa ez da epe laburrean egingo. Bitartean, polizia txostenetan oinarritutako ustezko delituak pilatuz joango da magistratua.

Parlamentari izaera galduko duten guztien kasua larria da, Espainiako Gobernuak politikaren bidez konpondu nahi ez duen auzi bat, justiziaren esku uzten duelako; baina ikuspegi politikotik ondoriorik larriena Puigdemontengan ikusiko dugu. Orain arteko presidentearen bisita txartelak zioen presidente izateko nahiko boto bazeukala eta Espainiako justiziak eragotzi egiten ziola izatea. Hemendik aurrera, behin parlamentari kargua galduta, galduko al du indarra bere figurak nazioarteko panoraman? Efektu hori ere bilatzen du Auzitegi Goreneko epaileak atzoko auzipetze autoarekin.

Bruselako Gobernua indargabetzea da Espainiako Gobernuaren eta justiziaren lehentasunetako bat, ezin dutelako eraman bere buruari legezkotasun ematen dion presidente bat batetik bestera ibiltzea Europan salaketak eginez. Orain, Puigdemontek daukan mugimendu askatasun hori eragozteko modu bakarra haren estradizioa lortzea da. Horregatik kaleratu zituen atzo magistratuak bost euroagindu, lau Belgikari han daudenak —Puigdemont, Comin, Serret eta Puig— Espainiari emateko, eta beste bat Erresuma Batuari Eskozian dagoen Ponsati Espainiaren esku uzteko. Halaber, nazioarteko atxilotze agindua kaleratu zuen Rovira dagoen lekuan atxilo dezaten.

Ikusi egin beharko da xeheki zein den magistratuak egiten duen akusazio nagusia, nola argudiatzen duen eta zer froga aurkezten dituen. Euroaginduaren zerrendan 32 delitu agertzen dira, baina matxinadaren delitua ez da agertzen ez Euroaginduaren zerrendan, ezta Belgikako Zigor Kodean ere. Ondorioz, ezin izango die matxinada leporatu Belgikan daudenei. Baina atzo kaleratu zuen auzipetze autoan matxinada leporatu zien Puigdemonten gobernukideei. Kontraesan larria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna