jon olano
Katalunia. Mobilizazioak. ANALISIA

«Soilik herriak»

2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Norabidea blogaren aurkezpenean, 2014ko apirilean, Salvador Cardus soziologoak esan zuen mugimendu independentistak argi jokatu behar zuela estatu katalana sortzeko bidean, baina, hanka sartzen bazuen ere, hor egongo zela Espainia, akatsen batekin laguntzeko. Bost urte eta erdi igaro dira, eta, jakina denez, ez dago errepublika katalanik, estatuak auzi katalanari irtenbide bat emateari uko egin badio ere.

Atzoko greba orokorrak eta manifestazio jendetsuak—525.000 pertsona, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, eta 750.000, antolatzaileen arabera— gogora ekarri zituzten 2017ko urriaren 3a eta egun horretako mobilizazio masiboak. Espainiako Gobernuak nazioarte mailako hanka sartzea egin zuen bi egun lehenago, milaka polizia bidalita erreferendum bat galaraztera, eta herritarren erantzuna ikusgarria izan zen kalean. Bi urte igaro dira, eta ez alferrik: 2017an, Kataluniako mugimendu independentistak lidergo politiko eta sozial argi bat zuen, helburu identifikagarri bat eta koordinazio gutxieneko bat.

Gaur, bestelakoa da egoera. Kataluniako mugimendu independentista ernegatuta dago bere klase politikoarekin, ez daki zein den ordezkarien norabidea eta are gutxiago estrategia. Are gehiago bere instituzioek eskuak lotuta eta Madrilen lupa gainean dituztenean, indarkeriaren kondena hitza noiz eta nola erabiliko. Eta, halere, eragile sozialak gai dira atzo ehunka milaka lagun kalera ateratzeko, ustezko soufflé independentistaren beheraldiaren iragarleak isilaraziz, estatuaren hamaikagarren hanka sartzeari —bozketa bat ehun urteko kartzelarekin zigortzen duen epai bati— modu baketsu eta masiboan erantzuteko; ez du bere instituzioen erantzunik espero. Atzo, lekuz kanpo dagoenaren aurpegia zuen Elsa Artadi Generalitateko Ekonomia kontseilariak Askatasunaren Aldeko Martxetako baten buruan. Ez da kasualitatea atzoko kartel eta oihuetako batzuk esaldi jada klasiko bat izatea: «Soilik herriak salba dezake herria».

Testuinguru horretan, estatua ez dago eroso. 2010ean Kataluniako estatutua nahierara murriztu zuenetik, ez da gauza izan Kataluniako herria errespetatua sentitzeko moduko proposamen bat mahai gainean jartzeko, eta, harrezkero, gatazkaren aurrean baliatutako formula bakarrak izan dira Polizia, kartzela eta autonomiaren esku hartzea. Deserosotasun horrek eta soluzio politiko bat proposatzeko ezintasunak eramaten du estatua jazarpenaren gurpilean katramilatzen jarraitzera: azken adibidea, publikoki eta lehen egunetik protesta ez biolentora deitzen duen mugimendu bat, Tsunami Demokratikoa, ikertzea, «terrorismo zantzuak» dituelakoan, eta bere webgunea ixtea.

Aldiz, azken bost egunetako istiluei buruzko eztabaida etikoari baino gehiago, nagusiki eraginkortasunari begiratu diote hainbat sektoretatik; zenbat higatzen duen posizio propioa eta ez estatuarena. Beraz, galdera da estatuak noraino sar dezakeen hanka: zer asumitzeko prest dagoen auzi katalanari soluzio politiko bat ez emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.