Albistea entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala 

Final biribila, zentzu guztietan

Koska aterata irabazi du Maialen Lujanbiok txapela, baina gainerako bertsolarien lana ere oso ona izan da. Emozio handiko momentu ugari izan dira BECeko finalean
Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze iritsi ziren buruz burukora.
Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze iritsi ziren buruz burukora. ARITZ LOIOLA / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2017ko abenduak 19 - Barakaldo

Dagoeneko topiko ere bihurtuta dago bertsolaritzaren eta magiaren arteko konparazioa, baina ba ote dago hitz egokiagorik herenegungoa deskribatzeko? Noski, batez ere bertsolariek erakutsitako mailagatik. Koska bat gorago aritu zen Maialen Lujanbio. Xisteratik bezala atera zituen ideiak eta gaien heldulekuak, eta bertso bakoitzean, banaka-banaka zukutu haiek, ohi duen ikuspegi zorrotz eta propioarekin, argi utziz zer esan nahi zuen bertsotan «ahalik eta ertz gehienekin eta ahalik eta biribilen» egin nahi zuela esaten zuenean.

Bertso eder mordo batekin batera, sentsazio eta emozio olde bat ere bere-bereak izaten ditu finalak, eta aurten ere asko izan dira iltzatuta geratzeko moduko momentuak: hasteko, bertsolariek oholtzaraino burrunban egindako ibilbidea, txapela kentzekoa izan zelako 14.600 bertsozaleek eraman zuten txalo jotzeko eta gozatzeko intentzioa; Sebastian Lizaso Lujanbiori txapela jartzera igo zenekoa; Aitor Sarriegik eta Igor Elortzak txapelketak uzten dituztela iragarri zutenekoa; prentsa aretoan, Iñaki Muruak Bertsozale Elkarteko lehendakariak kazetariak agurtu zituenekoa, lehendakari gisa hurrengo txapelketara ez delako «sailkatuko»; nola ez hunkitu antolatzaileen malkoekin, halako lana hartu eta dena ondo atera zela ikusitakoan hartu zuten lasaitua ikusita. Eta aipatzen hasita, erkin hitza ere aipatu behar, hainbeste aldiz entzunda jendearen lexikoan geratu delako.

Agurrean bota zuen gogoan hartzeko moduko lehen esaldia Lujanbiok, «hau borroka neurtu bat da/ barkatu apustuzale/ gure buruaren kontra/ gure munduaren alde», esan zuenean. Goizeko saioan, zortziko handian, txikian nahiz kartzelan atera zien koska gainerako bertsolariei. Unai Agirrerekin egokitu zitzaion lehen ofizioa, edozer iragartzeko prest zegoen kirolari profesionalaren rolean. «Real Sociedad SA-ri ta/ txinoei salduta nago/ ta honezkero zer inporta zait/ pixka bat salduxeago», amaitu zuen lehen bertsoa. Zortziko txikian, birritan esnatu zuen Igor Elortza sexu jolasetan zebilela, eta biharamunean igogailuan egin zuten topo. «Baino bart zeure kabuz/ al zenuen ekin/ gure etxeko efektu/ espezialekin?», galdetu zion bigarren bertsoan.

Puntuei erantzun beharreko ariketa gorabeheratsu samarra izan zen, nahiz eta ale onak ere entzun ziren. «Kontuan hartzen al da gure osasuna?» puntuari, «ez, kontuan hartzen da/ diru ondasuna/ baina landu beharko/ da etorkizuna/ pertsona da zinezko/ aberastasuna», erantzun zion Sustrai Colinak; eta «Eguberrietako/ argiak piztuta» puntuari «ta argindar fakturak/ etxean eztulka/ hola sortzen dituzte/ hamaika disputa/ gu tranpan jausi eta/ beraiek disfruta», Arzallusek.

Gaiak irakaslearen azalean jarri zuen Aitor Sarriegi, hamarreko txikian, Lujanbiorekin. Murrizketen aurka greba egin eta biharamunean, lanean ari ziren. Irakaslea da beasaindarra, eta bikain asmatu zuen gaiari lotutako elementuak sartzen «ez logopeda eta/ ez behar berezi/ horrela ezin dugu/ gizarterik hezi», amaitu zuen bigarren bertsoa. Kartzelakoan, propio hautatu zuen irakasle izatea, eta finalaurrekoetako saioetan bezala, publikoarengana iristea lortu zuen. «Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak», zen gaia, eta ikastolako irakasle gelan irudikatu zuen egoera. «Askotan gela honetan/ erdaraz egiten da hitz/ eta hala esan nien/ irrifar aurpegia jarriz/ ez litzake hain grabea/ ikastola bat ez balitz».

Oso sinesgarria izan zen Colinaren lana ere ariketa horretan. Kuadrillako bazkarian isildu ziren denak. «Haiek isilik geratu dira/ distantzia laburrean/ eta ni berriz, urtuta nola/ panpintxo bat elurrean/ ai euskaldunak zer motzak garen/ heriotzaren aurrean», azaldu zuen lehen bertsoan, eta gero kontatu zuen aurreko astean bihotzekoak jota hil zitzaiola aita, «baina begira dauzkat hilotza/ neu izango banintz eran» izan zen puntuetako bat. «Baina dolua erakusten du/ bakoitzak bere modura», esanez amaitu zuen bertsoaldia.

Goizeko saioa amaitu zenerako argi samar ikusten zen buruz burukoan izango zela Lujanbio. Hiruzpalau lagun ikusten ziren harekin batera aritzeko aukerekin. Mendiluze zen bat, ofizioetako ariketetan oso erregular aritu zelako. Erregulartasun horri gehitu behar zaio kartzelakoan, gainera, asmatu egin zuela. Gabon afarian kokatu zuen gaia, «gonbidapena egin bai baina /ez ninduzuen espero», amaitu zuen lehen bertsoa.

Azkenean, goizetik zekarren koskari esker lortu zuen buruz burukora sartzea. Ez behera egin zuelako eguneko bigarren zatian, baizik eta beste batzuk goizean baino dezente hobeto aritu zirelako. Amets Arzallus izan zen horietako bat. Aitortu zuen sentsazio «gazi-gozoekin» amaitu zuela eguna, bere burua hobeto aritzeko gai ikusten zuelako.

Colina ere oso sendo aritu zen arratsaldean, eta Gaztelumendik eta Agirrek ere gora egin zuten. Elortza, berriz, gorabeheratsuago aritu zen; goizean nahiz arratsaldean egin zituen ariketa oso onak, baina behera ere gehiago egin zuen. Hain zuzen, arratsaldean Colinarekin puntuka egin zuena izan zen eguneko ofizio onenetako bat. Txapelketan ikusi da puntukako ariketa ondo ateratzea ez dela erraza izaten, baina herenegun bai hark eta bai Arzallusek eta Agirrek egindakoak oso onak izan ziren. Goizean bezala, arratsaldean ere Lujanbio eta Mendiluze izan ziren bakarkakoan nabarmendu ziren bi bertsolariak.

Hala, beraz, ez zegoen batere argi norentzat izango zen buruz burukorako bigarren txartela. Eta puntuazioak erakutsi zuen oso estu egon zirela gauzak. Puntu erdi batengatik Mendiluzek izan zuen aurrera egiteko aukera. Eta hirugarren geratu zen Colina. Harengandik puntu eta erdira amaitu zuen Arzallusek ere. Eta nahiko jarraian sailkatu ziren Elortza, Sarriegi, Gaztelumendi eta Agirre ere.

Euren izenak entzun zituztenean besarkada estua eman zioten elkarri Lujanbiok eta Mendiluzek. Buruz burukoan, bizi egin zuten zortziko txikiko ariketa, eta lagun imajinarioa bezalako gai abstraktu bati zukua ateratzeko gai izan ziren. Bederatzi puntukoan izerdia hitza izan zuten gaitzat, eta hau izan zen txapeldunaren bertsoa: «Izerdiak lehenago/ fama ona zekarren/ pixka bat moteldu da/ urteetan barren/ lehen lana ta izerdia/ zen balore aurren/ gaur egunera arte/ lagunak elkarren/ izerdia zer den/ zail da esaten zeren/ jai eta astelehen/ hartuta atseden/ besterenetik asko/ bizi da hemen».

Txapela hurrengo «gerokoei» eskaini zien:

Herri hau herri egin al dugu?

Ze eman du bizikidetzak?

Zenbat eman du euskalduntzeak?

Ez behar beste guretzat

berrogei urte ta garaia da

egurasteko ametsak

akaso hortan bertsolaritza

ona da adibidetzat

beti ez du goitik behera egiten

transmisioaren trentzak

guk behetik gora ikasi dugu

ta zabaldu muga ertzak

lehengoekin ta gaurkoengandik

txapel hau gerokoentzat.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Kepa Junkera, erdian, gaur Bilboko Arte Ederren museoan egindako liburuaren aurkezpenean ©Aritz Loiola/ Foku

Kepa Junkerak bere obra osoa berrikusten duen arte-liburua kaleratu du

Iñigo Astiz

Musikariaren diskografia osoa errepasatzen du «Berpiztu» lanak, eta, gainera, 40 artistak propio sortutako obra bana eta Junkerak sortutako kanta guztien partiturak ere badakartza. Musikariak berak hartu du parte argitalpenaren aurkezpenean

 ©Joanes Etxebarria

«Anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Liburu edo pastoraletan, historia landu du bereziki, olerkiekin batean. Idazlan luzeak gehiago ez egitea deliberatu du. Uste du aitzinatu dela euskararen alorrean, baina lan asko dela egiteko.

<em>Maus</em> liburuko lau bineta. ©ASTIBERRI

Saguen txilioak holokaustoan

Uxue Rey Gorraiz

Gurasoek holokausto nazian bizitakoetan oinarrituta sortu zuen Art Spiegelmanek 'Maus' komikia. Pulitzer saria irabazi zuen 1992an. Euskarara ekarri dute berriki.

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...