Emakumeen Nazioarteko Eguna

Zaintza lanak aitortzeko eskatu dute sindikatuek mobilizazioetan

Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, kaleak hartu dituzte sindikatuek ere. ELAk, esaterako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien aurrean egin ditu elkarretaratzeak. LABek, berriz, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plaza aukeratu du mobilizatzeko. Batzuek zein besteek mezu nagusi bat zabaldu dute: zaintza arloan egiten den lanari balioa eman behar zaiola.

ELAk gogoan izan ditu pandemian «lehen lerroan» egon diren emakumeak: Maialen Aranburu ELAko Berdintasun arduradunak ohar bidez aitortza egin nahi izan die emakumeei, eta borrokan jarraitzeko deia : «Urtebete igarota, sindikatuan uste dugu ezinbestekoa dela borrokan jarraitzea eta mobilizazioei eustea, kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoaren alde».

Bereziki azpimarratu du pandemian ere bazterrean egon diren emakumeen lana, txalorik jaso ez dutenena: supermerkatuetako langileena, norbera babesteko ekipamendu gisa zabor poltsak erabili zituztenena, inguruan jendea «etengabe» hiltzen zitzaion adinekoen egoitzako langileena, haien egoera administratiboa irregularra zelako «deportatzeko mehatxua» egiten zieten etxeko langileena... Horientzat ez dela «keinu bat ere» egon salatu du Aranburuk.

LABek, berriz, emakumeen batzar bat egin du, eta, ondoren, manifestazioan joan dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazaraino, Sektore feminizatuetan, duintasuna eta aitortza! Prekaritatea arrakalatu lelopean. Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio. Haren irudiko, ez dauka «borondate politikorik» zaintzari lotutako lanetan prekarietaterik egon ez dadin. Egungo egoera mantentzea «erabaki politiko baten» ondorioa dela uste du. Gogorarazi du EAJ dela euskal erakunde nagusi gehienetako burua, eta, euskal erakundeek eskumenak badituztela pausoak emateko, zaintza sistema publiko baten alde egin eta «negozio izateari utz diezaioten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.