Fan Hemendik Eguna egingo dute bihar Oñatin, hainbat ekitaldirekin

Gotzon Hermosilla -

2018ko ekainak 29
Bihar egingo dute Oñatiko (Gipuzkoa) Fan Hemendik Eguna, Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egin dezala eskatzeko. Aspaldi hasi ziren Oñatin egun hori antolatzen —aurtengoa zortzigarren aldia izango da— Guardia Zibilak herrian duen kasernaren kontrako protesta gisa, eta, modu orokorragoan, Espainiako polizia indarrak Euskal Herritik joan daitezela eskatzeko.

Antolatzaileek egun osorako egitaraua prestatu dute. 12:30ean, trikipoteoa egingo dute, eta 15:00etan herri bazkaria, baina 19:00etan izango da ekitaldirik esanguratsuena: ordu horretan, manifestazio batek Oñatiko kaleak zeharkatuko ditu. Ondoren, musikaren txanda izango da.

Antolatzaileen ustez, Guardia Zibilak Euskal Herrian jarduteak ez du inolako «justifikaziorik», eta horregatik dei egin diete herritar guztiei ekitaldietan parte hartzeko. «Bakea nahi badugu, joan egin behar dute», azaldu dute. «Aldarrikapen honek amaiera posible bakarra izan dezake: hemendik joatea».

Ospa Eguna irailean

Antzeko helburuekin antolatu ohi dute Ospa Eguna Altsasun (Nafarroa). Aurtengoa irailaren 1ean izango dela iragarri dute, eta epaitu, zigortu eta espetxeratu dituzten gazte altsasuarren auziak leku berezia hartuko du egitarauan.

Antolatzaileek esan dutenez, Altsasu auziko gazteak espetxeratuta argi gelditu da «norentzat dagoen justizia eta norentzat jazarpena». Esan dutenez, «behin eta berriz aipatzen duten bizikidetza hori haientzat besterik ez da».

«Ezin dugu ontzat jo alde batetik bortxatzaileak aske utzi eta bestetik gizartea aldatzeko konpromisoa hartzen dutenak bahitzen dituen sistema hau», azaldu dute antolatzaileek, irailaren 1ean Altsasura joateko deia egiteaz batera, «era guztietako indar errepresiboei gaitzespena adierazteko». Aurtengo Ospa Eguna «errepresioaren aurkako indar erakustaldi» bihurtu nahi dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna