Argibide zehatzak eskatu dituzte txertoen polemikaren inguruan

Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Herenegun dimisioa eman behar izan zuen Santa Marina erietxeko zuzendariak eta kargutik kendu zuten Basurtuko zuzendaria, Osakidetzaren protokoloa bete ez eta COVID-19aren aurkako txertoa jartzeagatik, etaosasun langileen sindikatuek eta alderdi politikoek gertatutakoari buruzko argibideak eta erantzukizunak eskatu zituzten atzo.

ELA, LAB, ESK eta SATSE sindikatuek adierazi zuten Eduardo Maiz Basurtuko ospitaleko zuzendariaren eta Jose Luis Sabas Santa Marina erietxeko zuzendariaren kasuak ez direla bakanak, eta iragarri zuten Osakidetzako mahai sektorialaren hurrengo bilerara eramango dutela gaia, argibideak eskatzeko. Gertatu denaren inguruko informazio gehiago eduki nahi dute, uste baitute Maiz eta Sabasez landa, gehiago izan direla txertoa hartu duten kargudunak edo zerbitzuburuak. Besteak beste, ELA sindikatuak Osakidetzari eta Jaurlaritzari egotzi die txertaketan bestelako interesak lehenestea. ESK-k, berriz, ikerketa «sakona» abiatzeko eskatu dio Osasun Sailari, eta Basurtuko eta Santa Marinako zuzendariei «etika falta» egotzi die.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere hizpide izan du afera. Haren esanetan, «kolpe izugarria» izan da hiriko zinegotzi izandakoek halako jarrera izatea —Maiz eta Sabas, biak zinegotzi izan ziren Iñaki Azkunaren garaian—. Jaurlaritzaren erantzuna txalotu du Aburtok, «zuzena eta berehalakoa» izan delako, eta «eredugarritzat» jo du. COVID-19aren aurkako txertaketan protokoloak betetzea garrantzitsua dela adierazi du, eta erantzukizun publikoa dutenek eredu izan behar dutela erantsi: «Arrisku taldeen txertaketa lehenetsi behar dugu».

Agerraldi eskeak

Oposizioko taldeek gogor gaitzetsi dute gertatutakoa, eta argibideak eskatu dituzte. EH Bilduk eta PP+C's taldeek Sagarduiren agerraldia eskatu dute Eusko Legebiltzarrean, azalpenak eman ditzan. Bi taldeek atzo erregistratu zituzten agerraldi eskaerak.

EH Bilduk Sagarduiren premiazko agerraldia eskatu zuen, propio informazio argi eta zehatza eman dezan gertatu denaren inguruan, eta irregulartasun gehiago egon ote diren txertoen banaketan. Rebeka Ubera legebiltzarkidearen ustez, Sagardui «zorretan» dago gizartearekin,eta azalpenak eman behar dizkio. Era berean, Osakidetzari galdegin zion abia dezala auziaren inguruko ikerketa.

PP-C's taldeko Laura Garridok ere premiazkotzat jo zuen sailburuak azalpenak ematea. Txertaketa protokoloaren eta kanpainaren inguruko informazioa xehe emateko eskatu zion, eta beste kasurik egon ote den argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.