Sanferminetan sexu eraso gehiago salatzen dira, ikerketa baten arabera

Sanferminetan sexu erasoei ematen zaien trataera «aitzindaria» dela azaldu du lanak. Erasoak festen masifikazioarekin areagotzen dira

2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Iruñean sexu erasoak salatzeko «kultura handiagoa» dagoela ondorioztatu du Iruñeko Udalak eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitaratutako ikerketa batek. Sanferminekin alderatu dituzte beste herri batzuetako festak, eta sexu erasoei trataera «aitzindaria» ematen zaiela azaldu dute. Eraso sexisten aurka sortzen diren erantzunak izan daitezke horren arrazoi: biktimek antzematen dute gizartearen babesa izango dutela salaketa jarriz gero.

Sexu eraso eta abusuak sanferminetan ikerketaren ondorioak azaldu zituzten atzo Itziar Gomez Herritarren Segurtasun eta Elkarbizitzarako zinegotziak eta Lohitzune Zuloaga eta Paz Frances NUPeko irakasleek. Konparatzeko erabili dituzte Buñoleko Tomatina, Malagako Feria, Zaragozako pilarrak (Espainia) eta Valentziako Fallak (Herrialde Katalanak).

Guztietan atzeman dute erlazioa dagoela sexu erasoen gorakadaren eta masa ekitaldietan pilatzen den jende kopuruaren artean. Halere, azterlanak berretsi du sanferminetan besteetan baino eraso gehiago salatzen direla. Itziar Gomezen ustez, ordea, horrek ez du esan nahi eraso gehiago dagoenik: «Positiboa da salaketa gehiago egotea, erakusten duelako konfiantza eta kontzientziazio handiagoa dagoela, eta segurtasun gehiagoko eremuak sortzen dituelako». Era berean, ikerketak azaleratu du jaietako erasoen %95en egileak identifikatzen dituztela.

Azkenik, azterketak azpimarratu du komunikabideek «sentsibilitate handiagoz» jorratzen dutela gaia. Gainera, garrantzitsutzat jo du instituzio publikoen, hedabideen eta gizartearen erantzunak batera «artikulatzea».

Festa gehiagotan erasoak

Igandean, elkarretaratze bana egin zuten Loiun (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa), festetan emakumeen aurka izandako erasoak gaitzesteko. Loiun, emakume batek salatu zuen gizon batek ukituak egin zizkiola; taberna eta txosnak ordu laurdenez itxi ziren igande goizaldean, elkartasuna adierazteko. Irunen, berriz, gizon bat espetxeratu zuten ia konorte gabe zegoen andre bati eraso egitea egotzita. Igandean ere, Algortan (Bizkaia), 20 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, bikotekide ohiari sexualki eraso egitea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.