BAKARRIZKETA

Ekialdetik iritsitako errege oparia

Irune Lasa.
2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
1. Ekialdetik, erregeak eta opariak? Gure etxean, Olentzero, eskerrik asko. Itxaron pixka bat, lerro hauetako hizpidea ez da izango Errege eguna.

2. Xehetasun gehiago, mesedez. Aste honetan jakinarazi dute Ustelkeriaren Kontrako Espainiako Fiskaltzak ikerketa bat zabalduko duela ikertzeko Saudi Arabian Medinatik Mekara arteko abiadura handiko trenaren kontratuan legezko kanpoko komisiorik izan den.

3. Saudi Arabia, Ekialde Hurbila, ados. Zer zerikusi dauka hor Espainiak? Basamortua zeharkatzen duen 450 kilometroko trenbide hori eraikitzeko eta hamabi urtez mantentzeko kontratu erraldoia Espainiako dozena bat enpresak osatutako partzuergoak irabazi zuen 2011. urtean. Horien artean zeuden ADIF, Talgo, Cobra, Consultrans, Dimetronic, Abengoa, Indra eta OHL. 6.700 milioi euroko kontratua zen.

4. Konforme. Eta Espainiako fiskaltzak uste du komisioak egon zirela tartean? Uste du partzuergoko enpresa horiek ezkutuan 80 milioi euroren komisioak eman zituztela kontratua lortzeko xedez.

5. Komisioak saudiarabiarrei? Ez dakit ba... Hango erregeek dirua barra-barra izango dute, ezta? Kontakizun honetako erregea ez da Saudi Arabiakoa, urte hartan oraindik Espainiako errege zen Juan Carlos Borboikoa baizik.

6. Hori ere ez da eskas ibiliko diruz.Soldatarekin ez zuen nahikoa izango. Juan Carlosen lagun Corinna Larsenek Jose Manuel Villarejo komisarioari kontatu zionez, partzuergoko enpresek 80 milioi euro eman zizkioten Adnan Khasoggi enpresaburu saudiarabiarraren emazteari. Eta, ekialdetik barna, dirutzaren zati handi bat Larseni —ustezko bitarteko pertsonari— iritsi zitzaion, eta beste zati bat iristeko zegoen. Villarejok elkarrizketa grabatu egin zuen, eta geroago zabaldu zuen presio moduan, ez zuelako gaizkile erakunde bateko kide izateagatik bere burua kartzelan ikusi nahi.

7. Eta orain Borboikoa ikerketapean dago? Ez. Gertakarion garaian estatuko burua zen, eta, ondorioz, bortxaezina.

8. A! Erregeenak bai opariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.