Koronabirusa

Hegoaldean 2.000 positiboren langa gainditu da: 2.082 kasu izan dira

Beste bost gaixo hil dira Nafarroan. Hegoaldeko ospitaleetako ZIUetan apirilaren amaieran adina gaixo daude COVID-19ak jota

Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Neurriak zorroztu arren, etengabe ari da igotzen positibo kopurua. Atzo beste marka bat ezarri zuten Hego Euskal Herrian: 2.000 positiboren langa gainditu zuten. Zehazki, 2.082 positibo atzeman zituzten, bigarren olatuko kopururik handiena.

Lurralde guztien egoera da kezkagarria. Bigarren olatutako daturik okerrena erregistratu zuten, esaterako, Araban: 203 kasu, bezperan baino 63 gehiago. Gero eta okerragoa da Bizkaiko egoera ere. Ostiralean gainditu zuen 100.000 biztanleko 500 positiboren tasa, eta atzo beste 688 kasuren berri eman zuten; hau da, bigarren olatuko daturik txarrena da. Gipuzkoako eta Nafarroako egoera ere makurra da. 596 kutsatu atzeman zituzten Gipuzkoan, urriaren 24tik daturik okerrena —orduan, bigarren olatuko kutsatu gehien izan zen, 620 positibo atzemanda—. Nafarroan, berriz, 580 kasuren berri eman zuten atzo: bezperan baino 57 gutxiago. Kutsatu horietako %60 Iruñerrian atzeman zituzten, eta %21, Tuteran.

Egindako proba kopuruak eragina du datuetan, inoiz baino gehiago egin baitzituzten ostiralean. Hain zuzen, Osakidetzak eta Osasunbideak 21.492 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta %9,7k eman zuten positibo. Datua bereziki txarra da Nafarroan: %12,5ek positibo eman zuten. %5eko muga igarota, transmisio komunitariorako arriskua egon ohi da.

Ospitaleak, betetzen

Positibo kopuruaren igoera horrek ospitaleetan du isla. Beste 127 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten ostiralean Hego Euskal Herrian, daturik txarrena apirilaren 18tik —139 ospitaleratu zituzten orduan—. Nafarroan, orotara, 409 pertsona daude ospitaleratuta, bezperan baino hiru gehiago; Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez du datu horren berri ematen asteburuetan.

Gaixo horien egoera ere kezkatzekoa da. 150 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, ostiraletan baino hamar gehiago. Datuek erakusten dute ospitaleak gero eta gehiago ari direla betetzen, eta azken hilabeteetako egoerarik txarrena dela egungoa. ZIUei erreparatuz gero, esaterako, atzoko datuen antzekoak aurkitzeko apirilaren amaieraraino joan behar da. Hain zuzen, ez da hain datu txarrik erregistratu apirilaren 28tik— orduan, 159 gaixo zeuden ZIUetan—.

Nafarroako Gobernuak hildakoen berri ere eman zuen: beste bost lagun hil ziren ostiralean. Eusko Jaurlaritzak, berriz, datu hori ez du egunero ematen, astero baizik. 85 lagun hil ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan urriaren 19tik 25era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.