Ardurak lausotzea aurpegiratu diote Espainiako Gobernuari

ERCk «ke lainoa» zabaltzea egotzi dio Madrili. EAJk eta EH Bilduk diote auziaren larria berretsi dela, eta erantzukizuna argitzeko eskatu dute

Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak iragarritako zelatatzeak erreakzio soka luzea ekarri du Kataluniako eta Euskal Herriko alderdien artean. Katalunian, erakunde eta alderdi independentistek errezeloz hartu dute Espainiako Gobernuaren iragarpena, eta zalantza dute ez ote dagoen atzean gobernuaren ardurak lausotu eta biktima gisa azaltzeko asmoa.

Oriol Junqueras ERCko presidenteak adierazi du litekeena dela «ke lainoa» zabaldu nahi izatea jakinarazpenarekin, Espainiako Gobernuak Pegasus auzian dituen ardurak estaltzeko helburuz. Haren sinesgarritasuna kolokan jarri du Junquerasek, oraindik ez duelako bere gain hartu buruzagi independentisten espioitzari buruzko erantzukizunik.

Kataluniako Generalitatearen ustez, berriz, «oso larria» da gertatutakoa, eta Espainiako Gobernua da espioitza kasuaren «arduradun bakarra». Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak beharrezkotzat jo du ardura politikoak argitzea. Halaber, salatu du espioitza kasuekin bi neurgailu ezberdin erabiltzen ari direla. Ideia horrekin bat egin du Carles Puigdemont presidente ohiak ere: «Erantzukizuna eskatzen diet, Catalangateauziak eztanda egin arte ez baitute deus egin». Bestalde, JxCek eta CUPek salatu dute «borreroa biktima» bihurtzeko ahalegina dela.

EAJren eta EH Bilduren ustez, berriz, aurrez salatu dituzten entzuketen larritasuna berretsi egin da. Aitor Esteban EAJko diputatuak ohartarazi du «premiazkoa» dela espioitzen erantzuleak identifikatu eta dimisioak ematea. Oskar Matute EH Bilduko diputatuak, bestalde, esan du kasuak erakusten duela espioitza salaketa ez dela «funtsik gabekoa», hala sinetsarazi nahi izan dieten arren. «Gardentasuna» eta «informazioa» eskatu ditu, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.