Joera baten aurkako neurria

Hamasei urteko luzamendu informal baten ondoren, AEBetako Gobernuak erabaki du auzi federalengatik heriotzaren korridorean dauden presoak exekutatzen hastea.

San Quintin kartzelako (Kalifornia) bi funtzionario, joan den martxoan, exekuzio gelatik esku ohea ateratzen. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Azken hamar urteotan, AEBetako sei estatutan indargabetu dute heriotza zigorra. New Hampshiren duela bi hilabete eskas ezeztatu zuten, eta Kalifornian, heriotzaren korridorean preso gehien dituen estatuan, Gavin Newson gobernadoreak exekuziorik ez gauzatzeko luzamendu bat sinatu zuen joan den martxoan. Joera baten berri ematen dute erabaki horiek. AEBetako 50 estatuetatik 29tan, heriotza zigorra indarrean dago, eta, Gallup etxeak aurten egindako inkesta baten arabera, estatubatuarren %56 exekuzioen alde dago. Baina badago alderik duela 25 urteko kopuruekin; orduan %80 zegoen alde. Halere, Donald Trumpek joera horren kontrako neurri bat hartu du. AEBetako presidenteak Kaliforniako luzamendua kritikatu zuen, eta heriotza zigorra defendatu izan du. Washingtonek, horrenbestez, auzitegi federalek heriotza zigorrera kondenatutakoak exekutatzen hastea erabaki zuen, herenegun. 2003an exekutatu zuten auzitegi federal batek heriotza zigorrera kondenatutako azken presoa, eta, orduz geroztik, luzamendu informal bat zegoen indarrean.

William Barr AEBetako fiskal nagusiak sinatutako oharraren arabera —joan den otsailean jarri zuten karguan—, neurriak eragingo die «gizarteko pertsona zaurgarrienak», haurrak eta adinekoak, «hiltzeagatik, torturatzeagatik edo bortxatzeagatik» zigortuak izan direnei. «Justizia Departamentuak zuzenbide estatua babesten du, eta biktimei zein haien senideei zor diegu zigorra gauzatzea», nabarmendu zuen. Aurreneko exekuzioak datorren abendurako eta urtarrilerako programatu dituzte, eta Indiana estatuko Terre Haute espetxe federaleko bost pertsonari jarriko diete injekzio hilgarria.

DPIC Heriotza Zigorraren Inguruko Informazio Zentroaren azken txostenak dioenez, auzitegi federalek zigortutako 60 bat pertsona daude heriotzaren korridorean —AEBetan 2.673 dira guztira egoera horretan daudenak—. Robert Dunham erakundearen zuzendariak azpimarratu duenez, Washingtonen erabakiak ez du «ezustean» harrapatu. «Trumpek heriotza zigorra defendatzen du. Harritu nau erabakia lehenago hartu ez izanak». ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak, bestalde, zalantzan jarri du abendurako eta urtarrilerako programaturiko exekuzioetan jarraitutako prozedura, batera antolatu dituztelako. «Kasu bakoitzaren inpartzialtasunari buruzko duda argiak eragiten ditu».

AEBetako Auzitegi Gorenak 1972an ebatzi zuen heriotza zigorra legez kanpo uztea, bai maila federalean, bai estatuetan. Lau urte geroago, heriotza zigorra berrezarri zuen zenbait estatutan, eta Kongresuak lege bat onartu zuen 1988an, auzitegi federalek heriotza zigorra ezartzeko aukera eduki zezaten berriro. Hurrengo hamabot urteetan auzitegi federalek zigorturiko hiru preso exekutatu zituzten. Azkenekoa Louis Jones gerra beteranoa izan zen, 2003an, soldadu bat hiltzea leporatuta.

Iaz, 25 preso exekutatu zituzten AEBetan; horietatik hamahiru Texas estatuan. 2014ean AEBetan argitaratutako ikerketa independente batek dio heriotza zigorrera kondenaturikoen artean %4 pasa errugabeak zirela. DPICek beste zenbaki bat aipatzen du tesi hori defendatzeko: 1973az geroztik AEBetan heriotzaren korridorera eramandako 160 pertsona modu okerrean akusatu zituztela, eta gero kargugabetu egin zituztela.

Pentobarbital erabilita

Justizia Departamentuak herenegun jakinarazi zuenez, injekzio hilgarria ezartzeko protokolo berri bat onartu du. Horren arabera, hemendik aurrera pentobarbital barbiturikoa erabiliko dute injekzioetan —Texasen eta Georgian erabiltzen dute—, eta orain arte exekuzio federaletan erabilitako hiru substantziaren koktela ordezkatuko du. Frantzian, esaterako, albaitariek soilik erabili dezakete pentobarbital substantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.