Frantziak baztertu egin du Aljeriako gerrarengatik barkamena eskatzea

Macron presidenteak gerraren memoria lantzeko eta «adiskidetzea» sustatzeko proposamen txosten bat jaso du, Benjamin Stora historialariaren eskutik

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, 2017ko abenduaren 6an, Aljerren, prentsaurreko batean. STR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Frantziak ez du damurik agertuko, ezta barkamenik eskatuko ere, Aljeriako gerran (1954-1962) eragindako sufrimenduarengatik. Aldiz, «adiskidetzea» bilatuko du Magrebeko herrialdearekin, «ekintza sinbolikoen» bidez. Eliseoak aurrera begirako ildo hori zehaztu zuen atzo, Benjamin Stora historialariaren txostena jasotzearekin batera. Storari «Frantziako eta Aljeriako herrien adiskidetzean» urratsak egiteko proposamenak eskatu zizkion Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, iazko udan, eta historialariak 22 neurri posible zehaztu dizkio.

Macronek esku artean zuen Storaren lana 2020ko irailaren amaierarako, baina Eliseoak atzo arte atzeratu zuen txostena ofizialki jasotzeko unea. Kontu handiz aukeratu dute momentua, Aljeriako gerra gai arantzatsua baita Frantziako eta Aljeriako herritar ugarirentzat. Parisen iritziz, udazkena ez da garai egokia izan Aljeriako gerraren memoriari heltzeko, muturreko islamisten udazkeneko erasoak eta Polizia indarkeriaren kontrako protestak tarteko. Aljerian, berriz, Abdelmadjid Tebbune presidentea herrialdetik kanpo ospitaleratu behar izan dute.

Stora historialariak Aljeriako gerrari buruzko «oroitzapen komunitarioetan» oinarritzen diren kontakizunen bilduma bat egin du, eta horien artean «sekulako lehia» dagoela nabarmendu du. Norgehiagoka hori gainditze aldera, eta «memoria partikularrentzako oinarri bateratuak» lortzeko, urratsak egitera deitu du. Besteren artean, Memoriaren eta Egiaren Batzordea eratzea eskatu du, elkarrizketarekin konprometituta dauden erreferentziazko pertsonaiekin osatutakoa, Frantziaren eta Aljeriaren arteko «ekintza bateratuak» bultzatzeko, memoriaren arloan. Batzorde hori lehenbailehen abiarazteko eskatu du.

Proposamen zerrendan jaso dubi aldeetako desagertuen auziak argitzea ere, gerrako artxiboak trukatzea, Frantziak 1960 eta 1966 urteen artean Saharako basamortuan egin zituen froga nuklearren kalteak erreparatzeko neurriak hartzea, harkien —Aljeriako gerran Frantziaren alde borrokatu ziren aljeriarren— zirkulazio askea bermatzea, Frantziak Ali Bumendjel abokatu aljeriarraren hilketaren erantzukizuna bere gain hartzea eta Gisele Halimi FLN Aljeriako Nazio Askapenerako Fronteko hainbat ekintzaile defendatu zituen legelariaren gorpua —iazko uztailean hil zen— Parisko Panteoian lurperatzea.

Eliseoak «egingarri» ikusten ditu neurri horietako batzuk, baina, Frantziako hainbat hedabidek jaso dutenez, marra gorri bat ezarri du dagoeneko. Gertaera historikoak aitortzeko prest dagoen arren, estatuak ez du barkamenik eskatuko, ezta damurik agertuko ere, Aljeriako Gobernuan ez dutelako halako urrats bat erraztuko lukeen jarrerarik ikusten. Parisen iritziz, Aljeriaren jokabidea «erasokorra» da, eta ez adiskidetzearen aldekoa.

Macron da Frantziaren aro koloniala amaitu ondoren jaio den Eliseoko lehen maizterra, eta haren aurreko estatuburuek baino argiago kritikatu du estatuaren menderakuntza sistema hura. 2017ko otsailean, Aljerren adierazi zuen kolonialismoa «gizateriaren kontrako krimena» dela. Presidentegaia zen orduan.

Storaren txostenaren helburua ez da soilik Frantziaren eta Aljeriaren arteko zauriak sendatzen laguntzea, baizik eta Frantziako gizartearen barruko «ezinegon identitarioa» baretzea. Macronek berak iazko urrian esanzuen Aljeriako gerra «Frantziak oraindik gainditu ez duen traumetako bat» dela, eta korapilo horrek «beren identitatea berriz aztertzera» eraman dituela herritar asko. Presidenteak «separatismo islamikoaren» kontrako lege proiektua aurkezteko hitzaldian eman zuen mezu hori.

Hain justu, lege proiektua Asanblea Nazionalean eztabaidatzen hasi —astelehenean iritsi zen parlamentura— eta egun gutxira egin du publiko gobernuak Aljeriako gerraren memoria lantzeko proposamenen txostena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.