Koronabirusa

Joera beheranzkoa izan arren, 691 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Positiboen ehunekoa %5,7ra jaitsi da. Hegoaldeko ospitaleetako ZIUetan 202 gaixo daude. Gaurtik neurri arinagoak daude indarrean

Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiaren joera hoberantz egiten ari dela adierazten dute datuek. Halere, 691 lagunek positibo eman dute Hego Euskal Herrian egindako 12.165 probetan. Hau da, herenegun Osakidetzak eta Osasunbideak egindako proben %5,7k positibo eman dute. Positiboen ehunekoa ere gero eta baxuagoa da, baina oraindik gainditu egiten du OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean edukitzeko ezarria duen muga.

Lurralde guztietako 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia metatua apaltze fasean badago ere, abiadura ez da berdina guztietan, ezta egungo egoera ere. Gipuzkoak ditu zenbakirik txarrenak —549 kasu 100.000 herritarreko— eta Bizkaiaren egoera ere ez da ona (422). Aldiz, birusa ez dabil hain harrotuta Araban (291) eta Nafarroan (281).

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ospitaleetako egoera ere eguneratu dute: beste 67 lagun ospitaleratu behar izan dituzte COVID-19ak erasanda, bezperan baino hamahiru gutxiago; 202 lagun daude, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan larri: bezperan baino hiru gehiago. Halere, egoera hobera egiten ari da pixkanaka-pixkanaka, eta duela bi aste baino 21 gaixo gutxiago daude egoera horretan. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du Bilboko Gazteluondo egoitzako egoiliar bat hil dela. Txertatu gabe zegoen, ez zuelako nahi izan.

Gaurtik, neurri arinagoak

Hegoaldean, alarma egoera bertan behera geratu da, eta neurri arinagoak egongo dira indarrean gaurtik aurrera. Iparraldean, astelehenetik daude arintze fasean.

Aldaketak nabariak izango dira. Aurrerantzean libre izango da Hego Euskal Herrian mugitzea. Hegoaldetik Iparraldera joan ahal izateko, beharrezkoa da PCR negatiboa izatea; Iparraldetik Hegoaldera, berriz, funtsezko arrazoiengatik soilik pasatu daiteke, eta PCRa ezinbestekoa da.

Joan-etorrietan ez ezik, aldaketak izango dira bileretan, etxeratze aginduan eta ostalaritzan ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du ezin direla mugatu bilkurak. Gainera, ez da egongo etxeratze agindurik, eta ostalaritza 22:00ak arte egongo da zabalik. Nafarroan, baimendu egin dute etxeetan bi bizikidetza unitatetako kideak batzea, sei lagun baino gutxiago badira. Etxeratze aginduari dagokionez, Nafarroako Gobernuak ez du bertan behera utzi, baina erabakia Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren esku dago. Ebazpena ez da asteartea baino lehen iritsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.