BAKARRIZKETA

Akziodunen iraultza IMQn

Irune Lasa.
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Bazkideak bilatzeko aukera aztertzea hobetsi zuen IMQren batzarrak duela hamar bat egun. Adeslasek aukera handiak ditu euskal konpainiaren gehiengoarekin gelditzeko.

1. Akziodunek hala erabaki badute, non dago iraultza? Gai oso arantzatsua da. 1.140 mediku dira zatirik handienaren jabeak IMQn, zeina osasungintza pribatuan eta osasun aseguruetan jarduten den. Mediku horien parte bat PAI izeneko elkartean bildu zen orain dela urtebete. Haien helburua zen akzioak taldeari saltzean lortutako prezioa handiagoa izatea.

2. IMQ ezaguna da Euskal Herrian. Izango ez da, bada. Igualatorio Mediko Kirurgiko osasungintza pribatuko lehen konpainia da Euskal Herrian. Haren esku dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitale pribatuen kudeaketaren %84. Duela 87 urte Bilbon sortutako taldeak, gainera, aseguru etxeak ditu, zahar etxeak, lan osasuneko prebentzio zentroak... 350.000 pertsonatik gora ditu bezero Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

3. Sos batzuk egongo dira hor, orduan. IMQren zuzendaritzak 1.000 akzioko 99.000 euro eskaintzen zizkien medikuei erretiroa hartzeko orduan, edo haien oinordekoei. Baina PAIko medikuen ustez, salneurria 300.000 euroren inguruan legoke. KPMGren eta Delloiten txosten baten arabera, 250.000 euro balio dute 1.000 akziok.

4. Izango dute orduan beste eroslerik. Baina orain arte akzio horiek ezin ziren IMQtik kanpora saldu, eta, zuzendaritzaren arabera, aukera bakarra zen akzioak prezio horretan erosiko zituen bazkide bat sartzea. Azken batzarrean, bazkide hori bilatzea erabaki zen; hori bai, botoen %62 soilik jaso zituen proposamenak. Oraindik, gainera, zuzendaritzak estatutuak aldatu beharko ditu.

5. Eta Adeslas... Zain dago. Bazkidea du IMQk; diru beharrean zegoenean, 2005ean, Adeslasi aseguru etxearen %45 eta kliniken %20 saldu baitzizkion.

6. Zer pasatuko da erabakigunearekin? Adeslasek zazpi urteetan akzioen %75 izan ditzake, medikuek erretiroa hartu ahala. Caixabank eta Mutua MadrileƱa dira Adeslasen jabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.