Iker Aranburu.
BAKARRIZKETA

Railbus, aterako ez den trena

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
1. Railbus zer da? AHTaren euskal zatiaren beste izen bat? Izan zitekeen, proiektu horrek dakarren atzerapena ikusita. Baina, ez, Frantziako Alstometa Alemaniako Siemens, Europako bi tren egile nagusiak, batzeko proiektuari buruz ari naiz. Railbus goitizena jaso du, Airbusek aeronautikan egin duenarekin pareka daitekeelako asmoa: Europako trengile enpresa nagusi bat sortzea.

2. Eta zergatik diozu ez dela inoiz aterako? Geltokiko nasetan zela, Europako Batzordeak abiatzeko baimena ukatuko diolako. Tira, hori dio prentsa ekonomikoak. Otsailaren 18ra arteko epea du erabakia hartzeko, baina datorren asteko bileran erabakiko duela espero da.

3. Zertarako batu nahi zuten Alstomek eta Siemensek? Txinako lehiari aurre egiteko, Europako proiektu sendo baten beharraz hitz egin dute. Enpresa zehatz bat dute buruan: CRRC publikoa. 2017an, ia 27.000 milioi euro fakturatu zituen, atzetik dituen beste lau konpainiek batuta adina. Negozio horren zatirik handiena Txinan bertan egin du, Pekinek inbertsio erraldoiak egin dituelako azken urteetan trenbide sarea zabaltzeko.

4. Zer neurri dute Alstomek eta Siemensek? Bat eginik, Alstom-Siemens batasunak 15.600 milioi euroko fakturazioa izan zuten urte horretan. Euskal Herriko enpresarik handienetakoa den arren, txiki geratzen da haien alboan Gipuzkoako CAF: 1.477 milioi.

5. Eta zergatik ez diete utzi nahi? Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak uste du oraindik ezin dela Txinako konpainien lehiaz hitz egin, eta ziur aski urte batzuk beharko dituela urrats hori egiteko. Oraindik ez du kontraturik lortu CRRCk Europan, eta merkatu oso konplikatua da kontinentetik kanpoko enpresentzat. Kanadiako Bombardier, esate baterako, Europako enpresak erosita sartu zen, eta Japoniako Hitachik hamar urtez saiatu behar izan zuen lehen kontratua lortzeko.

6. Babesik ba al du Vestagerrek? Bai. Erresuma Batuko, Espainiako, Herbehereetako eta Belgikako lehiaren agintariek eskatu dute Railbus operazioa zapuzteko, bien artean trenen eta seinaleztapenen merkatuaren zati handiegia izango luketelako eta, horretaz baliatuta, prezioak finka ditzaketelako.

7. Eta zer diote Alstomek eta Siemensek? Negozioen atal batzuk saltzea proposatu dute, merkatu kuota pixka bat jaisteko. Alemaniaren eta Frantziaren babesa dute. «Oztopatzea akats ekonomikoa izango litzateke», nabarmendu du Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroak, eta gogorarazi «Europako enpresa txapeldunak» sortzea dela EBren xedeetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.