Ez da gaixotasuna, epidemia baizik

Libertadores Kopako finaleko istiluak Argentinako futbolean dagoen bortizkeriaren izozmendia baino ez dira. Aurten zazpi pertsona hil dira liskarretan. Adituek salatu dutenez, muturreko zaleek lotura estua dute taldeetako buruekin, eta horrek asko zailtzen du arazoa konpontzea.
Argentinako polizia River Plateko zaleak zaintzen, Libertadores Kopako finalaren aurretik.
Argentinako polizia River Plateko zaleak zaintzen, Libertadores Kopako finalaren aurretik. M. N. / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abenduak 7
Martin Gonzalez zuen izena. 20 urte zituen, eta iragan azaroaren 11n hil zuten. Harri batekin jo zuten buruan Gimnasia y Esgrima de Jujuy (Argentina) taldeko Barras Bravas-en —muturreko zaleen— arteko borroka batean. Deportivo Moronen aurka jokaturiko Bigarren Mailako partidaren ondoren izan zen. Bezperan, Santa Fen (Argentina) Javier Luis Cabrera Club Atletico Union taldeko zalea hil zuten; 22 urte zituen. Bi tiro jaso zituen harmailetan. Estadio horren kanpo aldean, Amilcar Leguizamon hil zuten tiroz urriaren 6an. Argentinako futbolean modu bortitzean hildako azken lau biktimetako hiru dira. Zerrenda beltzean, 328 izen ageri dira 1922az geroztik, eta, aurten, zazpi gehitu dituzte. Zaurituak, berriz, milaka dira. Salvemos al Futbol (Futbola salba dezagun) Argentinako gobernuz kanpoko erakundeak eginiko heriotzen dokumentazio lan zehatzean aurki daitezke euren izenak. «Oso garrantzitsua da biktimak ikusaraztea, eta, hala ere, hemen inork ez du erreakzionatzen». Etsipena Monica Nizzardo erakundearen fundatzaileetako batena da.

Argentinako futbolaren eta bortizkeriaren arteko harremanaren eztabaida puri-purian dago. Libertadores Kopako finaleko itzuliko partida bi aldiz gelditu zen bertan behera azaroaren 25eko asteburuan. River Plateko zaleek Boca Juniorsen autobusa harrikatu zuten, gidaria eta hainbat jokalari zaurituz. Taldeko kide batek bolanteari heldu behar izan zion jendearengana joan ez zedin. Partida bertan behera gelditu zen, eta istilu handiak egon ziren. Conmebol Hego Amerikako futbola kudeatzen duen elkarteak partida Argentinatik atera eta Madrilera eraman du «segurtasun arrazoiengatik». Etzi jokatuko da. Era berean, ezin da ahaztu txapelketaren babeslea BBVA bankua dela, eta Real Madrileko presidenteak negozioak dituela Argentinan.

Partida horretako gertakariak, dena den, izozmendi erraldoi baten punta baino ez dira. «Argentinako talde guztietako zaleek egiten diote eraso aurkariaren autobusari. Zergatik? Zaleak, ahaldunduta, sinetsita daude euren jarduna erabakigarria dela partidan: animoekin, banderekin... Autobusa harrikatzea balizko esku hartze horren eraginkortasuna bermatzeko modua da, edo balizkoa izateari uztea». Hausnarketa Pablo Alabarces soziologoarena da, Argentinako futboleko bortizkeria sakon ikertutakoa. «Kasu honek, baina, gauza positibo bat du, FIFAren presidentearen aurrean gertatu da. Itxaropena dut Argentinako federazioa kanporatu dezaten, eta desager dadin». Ironiaz mintzo zen duela bi aste idatzitako artikulu batean. Kasuak oihartzun handia izan du, baina Nizzardok ere ez du espero aldaketarik. «Beti dago ondo arazoak nazioartean ikusaraztea, baina, nire ustez, hori pentsatzea baikorregia da. Munduko Kopa bakoitzaren ondoren hitz egiten da bortizkeriaz, baina hemen denak berdin dirau». Partida hura bertan behera gelditu ondoren futbolak aurrera jarraitu du Argentinan eta bortizkeria kasu ugari egon dira.

Nizzardo izan zen muturreko zale bat salatu zuen talde bateko zuzendaritza batzordeko lehen kidea. Atlanta Hirugarren Mailako taldean zegoen, eta muturreko zale batek, bulegoan sartu, eta mailu handi batekin txikizioa egin zuenean. Hamabi urte pasatu dira hartaz geroztik. «Taldeetako buruek ez dute salaketarik jartzen. Pentsa, Mauricio Macri Argentinako presidentea Boca Juniorseko presidente izan zen. Haren aroa bortizkeria handikoa izan zen, eta ez zen mugarri bat izan haren aurkako borrokan. Muturreko zaleak kolore politiko guztietakoak dira», salatu du. Euren jardunean, Salvemos al Futbol-en behin baino gehiagotan erakutsi zuten muturreko zaleen eta buruzagien artean dagoen lotura. «Klub askotan, muturreko zaleak jokalarien sarreren batez besteko bat jasotzen dute, zuzendaritzak emanak, eta haiek birsalduz lortzen dute dirua. River-Boca partidaren bezperan, Riverreko muturreko zale baten etxetik sarrera pila bat eta zazpi milioi pisu argentinar [165.000 euro] lapurtu zituzten».

Nizzardo urrunago doa salaketan. «Muturreko zaleek, aste barruan, politikariekin, eta haientzat lan egiten dute; besteak beste, afixak jartzen, eta zeregin handiagoetan. Baita Poliziarekin ere, auzoetan, aste barruan, arazo handiak daude narkotrafikoarekin. Harreman handia dago drogaren Poliziaren eta muturreko zaleen artean». Alabarces bat dator testuinguru ilunarekin. «2015ean, Bocaren muturreko zaleek negarra eragiteko gasa bota zuten zelaira. Ikusmenean kalteak eragin zizkieten Riverreko jokalariei eta hainbat ikusleri. Estadioa bi partidarako itxi zuten. Macrik zuzenean hitz egin zuen Paraguaiko presidentearekin, Conmeboleko buruaren lagun mina, zigorra leuntzeko. Gertatzen dena da agintariek egoera kudeatzeko duten ezinaren errua. Hamabi urtean, 96 pertsona hil dira».

Ez da kulturala

Argentinan bortizkeria zerbait kulturala dela esan ohi da, gizartean txertatuta dagoela, eta horregatik dela zaila konpontzea. Bi adituak, baina, ez daude ados. «Futbolak futbola irudikatzen du, ez gizartea», laburbildu du Alabarcesek: «Kultura hain hertsiki maskulino batek ezin du islatu gehiengoa gizonezkoa ez den gizarte bat. Futbolak gizartea islatzen duenaren metafora pertsona zakildunek erabiltzen dute. Argudio horrek erruak gainetik kentzea du helburu, baina ez du ezer azaltzen, eta, are gutxiago, konpondu». Nizzardoren azalpena ere argigarria da: «Badago gizarte bortizkeria bat, baina futboleko bortizkeriaren berezitasuna negozioa dela da. Bestela, bortizkeria berak egon beharko luke, esaterako, kontzertuetan». Negozioa? «Negozio asko daude kluben eta zaleen artean. Aste barruan, klubak muturreko zaleen bulegoak dira. Segurtasun publikoak partidako 90 minutuetan bakarrik babesten dituzte klubak. Bortitzek, negozioen jabeek, eurekin akordio bat lortu ezean partida joka ez dadin lortu dute. Futbol federazioak eta gobernuak bortizkeria amaitu nahiko balute, kanpainak egingo lituzkete».

Nizzardok Mariano Berges epaile ohiarekin sortu zuen Salvemos al Futbol. Bergesek Boca Juniorsen muturreko zaleak ikertu zituen, Macriren garaian. Helburua zen biktimei eta euren senideei muturreko zaleak salatzen laguntzea, baina harresi bat aurkitu zuten epaitegietan. «Oso gutxi iritsi ziren epaiketara, Argentinako justiziak zor handia du gizartearekin. Futbolaren kasuan bizkorragoa beharko luke, eta neurriak hartzeko gogo handiagoa izan». 2012an, baina, atsekabetu, eta elkartea utzi egin zuen. «Amore eman nuen. Cristina Fernandez presidentea 'gure barra brava maiteei' omenaldia egin behar zitzaiela esaten entzun nuenean. Biktimen gurasoek eskertu ziguten jarduna, baina gutxi ginen. Elkarteak aurrera jarraitu du, eta pozik nago. Guk liburu batean bildu genuen gure esperientzia». Mehatxupean eginiko lana izan zen. Nizzardo, esaterako, hilabete eginikoa da etxetik irten gabe. «Berges epaile ohiak asko lagundu ninduen. Zale eta kazetari askok zoriontzen gintuzten, baina inor ez zitzaigun batu. 'Nik estadiora joaten jarraitu nahi dut', esaten ziguten. Gurekin etorriz gero, markatua zaude, eta ez zara ongi etorria izango harmaila askotan. Gutxi izanda, ezin da ezer aldatu; horregatik utzi nuen».

Ez da konponbide errazeko arazoa, eta biak bat datoz sustrai oso sakonak dituela. «Connmebolek Argentinako talde guztiak bost urterako zigortu behar zituen 2015ean, eta Boca hamarrerako. Hori izan zen Ingalaterrako futbolari 1984an UEFAk ezarri zion zigorra Heyseleko hondamendiaren ondoren. Hemen, 39 hildakoak falta izan zitzaizkigun». Alabarces neurri zorrotzen aldekoa da. «Gizonezkoen futbola urtebetez bertan behera utzi beharko litzateke, eta muturreko zaleak bota Argentinako futboletik, familiak estadioetara itzul daitezen». Elkartea utzi zuenean, Nizzardok konponbiderik ez zegoela esan zuen, baina badu bere formula: «Lau pauso lirateke: zuzendaritza politiko indartsua; Futbol Federazio arduratsu eta konprometitua, justizia bizkorra izatea, prozesua lagunduko duena, eta, noski, funtzionario prestuak lan gakoetan». Ez du itxaropena galdu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna