Ilusioa ez da sekula nekatzen

Athleticek Espainiako Kopako finalerdia jokatuko du gaur Bartzelonaren kontra, Reusen

Athleticeko jokalariak, asteazkenean Realari sartutako bigarren gola ospatzen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Joseba Agirre Athleticeko entrenatzailearentzat, «sasoiko partidarik garrantzitsuena» da gaur Bartzelonaren aurka jokatu behar dutena (Gol, 16:00). Irabaziz gero Espainiako Kopako finalerako sailkatuko baita talde zuri-gorria. Hirugarren finala izango luke Athleticek, eta, hala, abagunea izango luke txapelketa horrekin duen arantza ateratzeko. Izan ere, jokatutako bi finalak galdu egin zituzten zuri-gorriek. Ez dute erronka erraza, ordea. Atletico Madrilekin batera, kopa irabazteko hautagai nagusia da Bartzelona. Gainera, astebetean hiru partida jokatuta, fisikoki estu daude, nekea pilatuta:«Baina ilusio eta gogo handiz gaude, eta geratzen zaigun indarraz arituko gara kanporaketa gainditzeko».

Aurreko bi denboraldietan final-laurdenetan geratu zen kopatik kanpo Athletic. Duela bi sasoi Levantek hartu zuen mendean, eta aurrekoan, Valentziak. Partida Reusen jokatuko da (Herrialde Katalanak). Lehia «zaila» espero du Agirrek: «Bartzelona talde handia da, eta ezustea emateko, guri dena ondo atera beharko zaigu, eta haiek ez dute egun ona izan behar. Baina partida bakarra izanda, aukera gehiago ditugu. Gakoa zelaian ondo egituratua egotea da».

Ligan elkarren aurka jokatutako azken partida ekarri zuen gogora. Bertan, Athleticek balentria egin, eta 0-1 irabazi zuen Bartzelonaren zelaian. Luciak sartu zuen zuri-gorrien gola. Aurrelaria sasoiko dago, Realaren aurkako azken partidan sartu baitzituen bi golak.

Entrenatzaileak onartu du taldea ez dagoela oso fresko: «Kopa jokatzeko era honek ez digu mesede egiten. Izan ere, ez gaude ohituta astebetean hiru partida jokatzera, eta Bartzelonak, adibidez, guk baino talde luzeagoa du. Hori erabakigarria izaten da halako txapelketetan».

Gaurko norgehiagokarako Yulema ez da erabat osatu giharretako arazoetatik; eta Nekane urdailekoetatik. Dena den, jokalari guztiak deialdian sartu ditu: «Ziurrenik txandakatzeren bat egingo dut hamaikakoan. Baina jokalari guztiak prest ikusten ditut. Asteazkeneko partidan, Jone eta Marta irten ziren bigarren zatian, eta oso lan txukuna egin zuten».

Realaren aurkako final-laurdenetako partidan «ahalegin handia» egin zuten, eta azken bi egunetako lana batez ere indarberritzeko izan da: «Saiatu gara ahalik eta freskoena iristen. Atsedena ere garrantzitsua da sasoi onean iristeko».

Bartzelonak Levante kanporatu zuen final-laurdenetan. Espainiako Kopako egungo txapeldunak uste baino gehiago sufritu zuen. 1-0 irabazi zuen joanekoan, eta 0-1 itzulerakoan. Bi partidetan Alexia Putellas izan zen golegilea.

Kopa da sasoi honetan titulu bat irabazteko geratzen zaion aukera bakarra. Izan ere, Ligan Atletico Madril txapeldunarengandik puntu batera geratu zen, eta Txapeldunen Ligan Lyonek kanporatu zuen final-laurdenetan.

Beste finalerdia gaur jokatu da. Atletico Madril eta Granadilla ariko dira nor baino nor gehiago, eta irabazleek datorren larunbatean jokatuko dute finala, Meridan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.