Koteto Ezkurra. Erremontista

«Negozioa, agian, desagertuko da; erremontea, ez»

28 urteko ibilbidearen ondoren, larunbatean hartuko du erretiroa Ezkurrak, askorentzat inoizko erremontistarik onena denak. Asko gozatu du ibilbidean, eta arantza bakarra du: erremontea hartu zuenean baino egoera ahulagoan utziko du. Bideoa, elkarrizketaren amaieran.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko urriak 2

Galarretako harmailetan etxeko besaulkian bezala dago. 28 urte bertan igaro ondoren, pilotalekuak ez du sekreturik berarentzat. Gazte batzuk ari dira entrenatzen, eta adi-adi dago haiei begira. Dioenez, ez diote inbidiarik ematen. «Nik oso argi dut hartu dudan erabakia: bukatu da».

Galtza zuri asko izango dituzu etxean. Zer egingo duzu haiekin?

Hiruzpalau ditut, ez pentsa. Jokatzeko erabiltzen ditudanak eta beste pare bat. Orain, traputarako edo tomateak biltzeko erabiliko ditut. Gehienak oso erabiliak daude, ezin dira oparitu ere egin.

Beste behin bakarrik jantziko dituzu, larunbatean; zer sentitzen duzu?

Azken asteetan lasai egon naiz, baina, elkarrizketa kontuekin, urduritasuna iritsi da. Batez ere, sumatzen dudalako bai hemen, Galarretan, eta bai Donezteben sekulakoa muntatzen ari direla. Dena ondo atera dadin nahi dut, baina gero kantxara irten behar da. Badakit hunkituko naizela, aspaldian ikusi gabeko jendea etorriko dela, eta emozioa datorkit. Ea denok ondo pasatzen dugun.

Akabo zure plazagizon ospea.

Denok gara hezur-haragizkoak. Behin esan zidan batek: «Hemen pertsona onek bakarrik egiten dute negar». Hunkituko naiz, badakit, eta ez naiz lotsatzen. Ni gozatzera irtengo naiz.

Mundua elkartuko da agurrean.

Ni 28 urte egon naiz hemen, eta oso sakon egon naiz sartuta. Saltsero xamarra izan naiz, gainera; jendearengandik hurbil ibili naiz beti, eta horrek asko egiten du. Lagun asko ditut.

Partida galduz gero, amorrua emango al dizu?

Kristorena; beti ematen du min galtzeak. Nik irabazi egin nahi dut beti, eta ondo jokatu. Azken egunean pixka bat mugituta irtengo naiz, baina Zeberioren aurka izango da, eta nik irabazi egin nahi diot. Etxeberria III.a eta ni, Zeberio eta Ionen aurka. Urte asko ibili gara elkarrekin, eta partida hori aukeratu dut.

Hori azkenekoa izango da, baina oroitzen al zara Galarretara etorri zinen lehen egunarekin?

Bai. Euskal Jain entrenatzen nintzen, eta hemen gutxi ibilita nengoen. Hasieran arraro egin zitzaidan, pilotaleku ezberdina... Ilusioz etorri nintzen: hau katedrala zen. Udan hasi nintzen, eta harrituta igaro nuen uda osoa. Jendetza zegoen egunero.

16 urterekin hasi zinen profesional. Gaur egun pentsaezina litzateke. Seme edo alaba batek 16 urterekin pilotari lanean hasi behar duela esango balizu?

Nirea gauza berezia izan zen. Gure etxean pilota oso sakon bizi zen, gertutik. Orain semeak esango balit ikasketak utzi behar dituela, esango nioke ezetz, ikasi egin behar dela, eta uztartzeko biak. Nik, hasieran, jarraitu nuen ikasten, administrazioa, baina hiru ikasgai gelditu zitzaizkidan gainditzeke. Hasi nintzen lanean, ohitu nintzen, alferkeria sartu zitzaidan, eta pena da. Orain pentsatuta, hobe ikasketak bukatu izan banitu, baina, tira, gauzak ondo joan zaizkit.

Etxean nola hartu zuten?

Ongi. Etxean ikusten zuten nola nenbilen. Urte bakarra egin nuen afizionatuetan. Debutatu baino urtebete lehenago hil zen nire aita, baina ikusten zuten mutiko berezia nintzela. Amari apurka azalduz joan nintzaion. Bera eta nire arreba beti egon ziren nire gainean. Pentsa, ez nuen gidatzeko baimenik, eta haiek ekarri behar ninduten Doneztebetik, edo lagunen bati eskatu, eta hari gasolina ordaindu. Ia bi urte horrela.

Zertan gastatu zenuen lehen soldata?

Nire lehen soldata 8.000 pezeta ziren partidako, eta asko jokatzen genuen; hamabi bat partida hilabetean. Pentsa, 16 urterekin 70.000-80.000 pezeta [500 bat euro] hilabetean; hura sekulakoa zen! Dena xahutzen nuen, eta arrebak kreditu txartela kendu zidan! kar, kar... Laster formaldu nintzen.

Ez duzu apetarik-edo eduki?

Gastronomia da nire bizioa. Mundu guztiak daki. Ez autoak, ez motoak, ez ehiza, ez arropa... Jatea gustatzen zait, gauza bereziak probatzea, hori da nire pasioa. Jatetxe bati buruz ondo hitz egiten badidate, edonora joateko gai naiz. Denetarik jan dut, atzerrian, Txinan: arrak, dortoka... Emazteak esaten dit: «Zuk ordaintzen duzun bitartean». Sukaldean ere ona naiz, gustatzen zait.

Gustukoen duzun platera?

Asko. Bat? Trufak; trufekin eginiko platerak oso gustuko ditut.

Pilota lan bat izan da zuretzat.

Nik horrela hartu dut, lan bat bezala. Hasieran, jolas gisa hartzen nuen, baina berehala ikusi nuen hau gauza serioa zela. Diru asko jokatzen zen apustuetan. Errespetu handia zegoen, eta fin ibili behar zenuen. Ni, esaterako, astero joaten nintzen Beasainera masajistarengana, eta prestatzaile fisikoa nuen. Hori da profesionala izatea. Beteranoek hala esaten zidaten: «Zergatik zoaz masajistarengana lesionatuta ez bazaude?». Asteazken goizero Doneztebe-Beasain-Doneztebe, 10:30erako han. Goiz osoa behar nuen. Hogei urte egin ditut Txema Agirrerekin.

28 urteko ibilbidea egin duzu; hainbeste espero al zenuen?

Ez, inoiz ez nuen usteko horrelako ibilbidea egingo nuenik. 28 urte, eta asko goi mailan. Niretzat hori da garrantzitsuena, goian egon eta hor eustea.

Orain uztea erabaki duzu. Zergatik utzi? Zergatik orain?

Iaz utzi nion txapelketetan parte hartzeari, baina nik ondo ikusten nuen neure burua, eta jokatzen jarraitu nuen. Nik ondo nenbilela esan nahi nuen agur. Ez nuen nahi maila jaitsi, arrastaka ibili eta neure buruari joateko esan behar izaterik. Egun batean erabakia hartu nuen, emazteari eta pilotalekuko lagunei esan nien, eta euren babesa jaso nuen. Bulegora joan nintzen, eta buruei esan nien.

Eta?

Sekulako lasaitasuna hartu nuen. Hor nenbilen: Erabaki zuzena da? Ez? Penaz geldituko naiz?... Eta jakinarazi nuen unean sekulako lasaitua hartu nuen.

Zenbat partida jokatu dituzu guztira?

Ez dakit, desastrea naiz horretarako. Gutxi gorabehera, 2.500 eta 3.000 artean. Gehien jokatu nuen urtean 160 bat izango ziren, 1997an edo. Asko ziren. Oroitzen naiz Elizaldek eta Etxabek urtean 185 partida ere jokatu zituztela.

Garai haietan, Galarretara etortzea handia izango zen. Nola deskribatuko zenuke?

Sartu eta berehala giro berezia sumatzen zenuen. Ondo jantzita etorri behar zenuen, txandal eta halakorik ez, eta bizarra eginda. Guretzako egun berezia zen. Sartu, eta tentsioa ikusten zenuen, horrek bizia ematen zizun. Hura iskanbila apustuekin, hemen errespetua ematen zuen harmailako jendeak. Partida batean buelta bat bazegoen, irabazten hasi eta galtzera pasatu, pilotari batzuk ezkutatu egiten ziren huts ez egitearren. Hemen diru asko jokatzen zen.

Gazteekin hitz egiten al duzu horri buruz?

Bai, eta harrituta gelditzen dira. Sekulako txistuak eta errietak entzunikoa naiz, baina kristorenak! Jendea zutik, eta pilotariak ezta begiratu ere harmailara! Ez ginen ausartzen. Begiratzen bazenuen, jendeak zure kontra egiten zuen. Hemen korridoretik pasatu, eta sekulako txistuak. Seriotasuna zegoen hemen, jendeak ez zuen ahazten. Partida oso txarra jokatu, eta enpresak bi asterako bidaltzen zintuen Euskal Jaira. Nik izan ditut egun txarrak, asko. Partida oso gogorrak jokatzen nituen, beti abantaila emanez, eta ez banuen ondo jokatzen, joan egiten ziren partidak. Presioa oso ondo jasaten nuen; ni ez nintzen beldurtzen kantxan. Plazagizona izan naiz.

Nostalgia al duzu?

Bai, handia. Askotan, oroitu ere ez zara egiten, baina hasten zara gaiari buruz solasean... Nostalgia da, baina polita da.

Gero aldaketa handia egon zen, eta erremonteak profesional izateari utzi zion. Nola bizi izan zenuten?

Orain dela urte batzuk izan zen. Aurreko enpresak utzi egin zuen, ezin zuelako mantendu. Oriamendik 2010ean hartu zuen, baina sei bat urte dira enpresak egoeraren berri eman zigula, ea ateratzen genuen guztion artean. Gure onena eman dugu, baina aldaketa handia izan zen.

Pilotarien garai bateko bizitza kontatzen al diezue gazteei?

Ez, ez du merezi. Hauek ez dute hura ezagutu. Guk beste zerbait ezagutu genuen, baina ez du merezi hori kontatzen ibiltzea. Oraingo gazteek ilusioa dute, eta hemen dabiltzanak gustatzen zaielako da. Nik diot nire garaian Doneztebeko jaiak hobeak zirela; bai, nire ustez, baina oraingo gazteentzat oraingoak hobeak dira, ez zituztelako haiek ezagutu. Hauek ez zuten ezagutu gure garaia, ez dute ezagutuko, eta agian ezingo dute imajinatu ere egingo hau zer zen.

Inoizko erremontista onena zarela diote askok.

Nik badakit nire izena agertuko dela erremontearen historian. Garai batean, Abrego zen erreferentea, eta, orain, esaten didatenez, nire izena geldituko da erreferentzia gisa, eta eskertzekoa da hori, askoren ustez nik eginikoa garrantzitsua delako.

Hamasei txapel irabazi dituzu. Non daude?

Armairu batean, bata bestearen gainean.

Askotan esan duzu aurrenekoa izan zela bereziena.

Bai, buruz burukoa. Garai hartan, buruz buruko jokatzea miraria zen guretzat. Lehen Mailakoa jokatu nuen lehen aldia izugarria izan zen, eta atzeko atetik sartuta, gainera. Norbait lesionatu egin zen, eta Elizalderen aurkako atariko bat irabazi nuen. Txapelketan sartu, eta erakustaldia eman nuen. Orduan egin nuen eztanda. Udaberritik, binaka oilarrak estutzen hasia nintzen, eta gero buruz burukoa irabazi nuen. Iraultza bat izan zen Galarretan. Jendeak ni ikusi nahi ninduen.

Erremontean txapelei garrantzia txikiagoa ematen zaie, erregulartasuna saritzen da.

Pilotalekuak horrela funtzionatzen zuelako. Hemen egunero jokatzen zen dirua, hortik bizi zen enpresa, eta ez zuen balio txapelketan ondo aritu eta gero jaistea. Soldatetan nabaritzen zen, enpresak nahi zuen zu txapelketan ondo ibiltzea, baina urte osoan ibili behar zenuen ondo.

Erremontean zenbiltzala ikasi zenuen zuk euskaraz.

Hala da; etorri nintzenean, 16 urterekin, ez nekien euskaraz. Aitak bai, baina amak ez, eta garai hartan Donezteben gaztelaniaz ikasten genuen. Galarretan ia mundu guztiak euskaraz egiten zuen. «Hara, Joxe Ezkurraren semea», esaten zidan jendeak euskaraz, eta ni erdi ihesean, ez nekielako. Banuen aukera ikasteko, eta txapeldun atera nintzenean 1995ean, 22 urterekin, erran nuen: «Euskara ikasi behar dut!». Zortzi hilabete egon nintzen Lazkaon, barnetegi batean. Astelehenean 09:00etan joan, egunero sei ordu klasean, eta ostiralean 17:00etan etxera. Zortzi hilabete han: esnatu, gosaldu, klasea, bazkaldu, klasea, entrenatu, afaldu eta lo egin, han. Sekulako aurrerapena izan zen. Han ikasi egin nuen, eta pilotalekuan erabili. Lagunekin euskaraz beti, eta esaten zidaten, «A zer-nolako ahalegina egin duzun!». Eizagirre, altunatarrak, Zeberio... Beti euskaraz entzuten nituen, eta nirekin hitz egiteko gaztelaniara pasatzen ziren, eta min ematen zidan.

Eta soldaduska, egin al zenuen?

Bai, boluntario, 17 urterekin Gurutze Gorrian, bi hilabete Mungian. Pilotari ibilbidea eteteko arriskua zegoen, eta horregatik aurkeztu nuen neure burua.

Erremontea hartu zenuenean baino okerrago utziko duzu. Arantza hori al duzu?

Tamalez, bai. Egungo erremonteak ez du zerikusirik nik ezagutu nuenarekin. Erabat aldatu da, baita gizartea ere. Produktu hau, guk maneiatzen genuen bezala, iraungi egin da, jendeak ez du horrelako ohiturarik orain. Makinetan-eta egiten da apustu, eta asko. Hemen behar den publikoa jada ez da existitzen; oso zaila da hau negozio bat bezala eramatea.

25 urte barru existituko al da erremontea?

Bai, erremontea ez da desagertuko, kirol bikaina da. Erremontearen negozioa, agian bai, desagertuko da, baina erremontea, ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna