Iker Karrera. Mendi korrikalaria

«Utzi egin nahi dut lehen postuetan ibiltzeak egunero eskatzen didana»

Euskal Herriko erreferentzia izan da distantzia luzeko mendi lasterketetan, eta munduko onenekin lehiatu da, parez pare. Agurrean, ez ditu saihesten ez gaiak, ez autokritika.
ANDONI CANELLADA / FOKU

Unai Ugartemendia -

2018ko irailak 11
Oinez ibiltzeko zailtasunak ditu azken egun hauetan Iker Karrerak (Amezketa, Gipuzkoa, 1974). Erretiratu egin behar izan zuen Chamonixen jokatu zen PTL lasterketan (330 kilometro eta 25.000 metroko desnibel positiboa), oinetan izandako arazo batzuengatik. Irteeran zegoela, azken lasterketa izango zuela idatzi zuen sare sozialetan. Amaiera horrek, ordea, zalantzan jartzen du erabakia.

Gorputzaldi txarra utzi omen dizu azken lasterketak.

Bai, ez zait batere gorputzaldi ona gelditu. Pena handia ematen dit horrela amaitzeak, eta gaur egun, oraindik, ez dakit zer egingo dudan. Ez nuen inondik inora horrelako emaitzarik espero.

Azken lasterketa zenuela iragarri zenuen.

Bai. Ez zen aspalditik pentsatua nuen zerbait izan, baina aspalditik nenbilen buruari bueltak emanez. Fisikoki oraindik ongi lehiatu naitekeela pentsatzen dut. Azken bi urteetan, fisikoki okerrago ibili naiz; azkenaldian, ordea, nahiko sasoiko eta maila onean ibil naitekeela ikusi dut. Baina Salomon taldean egoteak beste mota batetako konpromisoak ere eskatzen dizkit, eta gauza horiek gehiago nekatu naute.

Zer konpromisoz ari zara?

Gaur egun goi mailan egon nahi duenari eta marka baten laguntza duenari gauza batzuk eskatzen zaizkio: sare sozialak erabiltzea, esaterako. Hori onartu beharra dago. Horrek, jakina, konpentsazio batzuk ekartzen ditu. Horretaz haratago, jendeak jarraitu egiten gaitu, jakin-mina du... Beste gauza horiek guztiek nekatu egin naute. Oro har, kirolaz gain, sare sozialak sortzen ari diren gauzak ez zaizkit batere gustatzen.

Ez zara inoiz sare sozialen zalea izan.

Ez, aurretik nituen konpromisoengatik ez balitz, ez nuke ezer egingo. Egia da zerbait komunikatu nahi izan dudanean, barruak eskatzen zidalako, egin izan dudala, baina ez da egunero egin beharreko komunikazio mota bat izan. Nik aukeratua izaten zen, ez derrigortua. Iruditzen zait jendeak, ez dakit nola esan, adikzioa duela, zerbait erakutsi beharra... Askotan pentsatzen dut jende asko dagoela besteek egiten dituzten gauzekin bere ametsak bete nahian dabilena, besteek egiten dutenari begira... Ez al litzateke hobea bakoitzak oinetakoak janztea eta mendi buelta bat egitea? Ez dago Mont Blancera igo beharrik horretarako. Horrek balio handiagoa luke.

Askotan entzun izan dugu ez zarela saltzaile ona izan.

Baina zer saldu behar dut? Egin izan dudan diziplina hau ez dut inoiz hartu saltzeko. Gustatzen zitzaidalako egiten nuen; une jakin batean emaitza on batzuk lortu nituen, marka bat azaldu zen, eta laguntza horrek aukera ematen du proiekzio bat izateko eta mundu mailako ateak irekitzeko. Nik hori aurkitu dut, baina inoiz ez dut saltzeko beharrik izan. Hori bai, markek saldu egin behar dute, eta gu horretarako tresnak izan gara. Joko horren barnean egon naiz, eta onartu dut urte batzuetan, baina, orain, nekatuta nago, besterik gabe. Argi daukat gauza batzuetara berandu iritsi naizela. Jende gazteak modu naturalean egiten dituen gauzak niri gehiago kostatzen zaizkit. Inoiz ez zait burutik pasatu entrenatzera irten aurretik sakelakoa hartu eta argazki bat ateratzea.

Ez al zaizu burutik pasatu babesleak alde batera uztea eta beste era batean lehiatzea?

Bai, baina, nire burua ezagututa, zaila ikusten dut. Askotan pentsatu izan dut gutxinaka maila jaitsiz joatea, baina ez dakit... Ziur nago egunen batean lasterketaren batean izango naizela, baina ez errendimendua lortu nahian. Denbora luzean ibili naiz lehen postuetarako lehian, eta horrela ibiltzeak beste exijentzia bat du. Hori da utzi nahi dudana: lehen postuen borrokan ibiltzeak egunerokoan eskatzen didana. Horregatik iruditzen zait nire ibilbideak mozketa bat behar zuela.

Hamabost urte joan dira bidean. Lehen urteetan, lasterketa motzagoetan ibiltzen zinen; Espainiako Kopan hirugarren izandakoa ere bazara, baina mugarria 2011ko UTMB Mont Blanceko Ultratraila izan zen.

Zalantzarik gabe. 2010eko Ehunmilietako desastrearen ondoren, denboraldia nahiko txukun amaitzea lortu nuen. Orduan etorri zen Salomon taldean sartzeko aukera. 2011ko UTMBko lasterketa izugarria izan zen. Kilian Jornetekin batera kilometro asko egiteko aukera izan nuen gainera, eta bertan lortu nuen bigarren postuak asko esan nahi zuen.

2012an, berriro ere irteeran egoteko entrenatu zinen, baina, azkenean, ez zinen atera. Zer gertatu zen?

Taldeko lau korrikalari joan ginen lasterketa jokatzera: Miguel Heras, Francois D'Haene, Julien Chorier eta ni. Oso-oso ondo prestatuta joan nintzen, eta helburua lasterketa irabaztea zen. Eguraldi oso txarra egin zuen, eta, egunean bertan, goizean, argi esan zuten ez zela jokatuko benetako ibilbidean. Nik ez irtetea erabaki nuen, ez zen nire gogoa Chamonixeko haranean gora eta behera ibiltzea. Agian, nire ibilbidean kontraesan batzuk izango nituen, baina nire motibazioa eta helburua UTMB lasterketa irabaztea zen, baina benetako UTMB. Hasieratik garbi utzi nien taldekoei nik ez nuela parte hartuko.

Egoskortu, eta ez zinen irteeran izan, baina taldekide batzuek ateratzea erabaki zuten.

Niretzat, ez zuen merezi. Argi neukan ez nuela lasterketa alternatibo bat irabazi nahi. Egun hartan asko ikasi nuen gizakiak nolakoak garen. Erabakia hartzeko garaian tentsio asko egon zen. Salomonek askatasuna eman zigun nahi genuena egiteko. Herasek argi zeukan atera egingo zela, beti irabazi nahi izan duelako. D'Haenek ez zuen atera behar, baina, nik ez nuela atera behar esan nuenean, berak baiezkoa eman zuen...

Zer izan da zuretzat UTMB?

Mendiko lasterketetako Txapeldunen Liga da. Munduko Txapelketa irabazteak ez du UTMB irabaztearen balio erdirik. Chamonixen podiuma zapaltzea ezin daiteke beste ezerekin alderatu, eta nik hori bizi izan nuen. Gehiago esango dut: inor ez zaio iristen itzalik egitera ere, inor ez. Han izaten dira distantzia luzeetan ibiltzen diren munduko korrikalaririk onenak, ez bada UTMB lasterketan, TDSn edo CCCn. Denek egon nahi dute.

2013an, kilometroetan behintzat, jauzi handia egin zenuen, Tor de Geantsera joan zinenean (Alpeak, 330 kilometro, 24.000 metroko desnibel positiboa).

Oso urte gogorra izan zen hura. Progresio logiko bat zuen egutegia prestatu nuen, non helmuga Tor de Geants zen. Lau urte lehenago, lasterketaren berri jakin nuenean, erokeria bat iruditzu zitzaidan. Baina behin mundu honetan sartzean, distantziak igoz joan nintzen, eta zera pentsatu nuen: zergatik ez? Urte guztiko helburu nagusia izan zen. Gaur egun onartu behar dut ez dela metodologiarik onena hara joan aurretik dortsala jantzita 500 kilometro egitea bost lasterketatan.

Urte askotan gehiegi entrenatu izan zarela pentsatzen duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Gaur egun ez nituzke horrelako entrenamenduak egingo, baina, orduan, eta gaur egun ere esan dezaket, ez genuen ideiarik distantzia luzeak nola prestatu. Uste dut zerbait ikasteko aukera izan dela guk egin ditugun okerretatik. Astakeria bat iruditzen zait distantzia luzeak jokatzeko egunero-egunero distantzia luzean entrenatzea. Kilian Jornet bera da adibiderik argiena; hark ez ditu hainbeste erokeria egiten. Uste dut garrantzitsuena entrenamendu luzeak eta kalitatezko entrenamendu motzak tartekatzea dela. Zergatik ez noizean behin kilometro bertikal bat topera egin ultrak prestatzeko? Gorputzak memoria dauka, eta bi egunean ez du galtzen. Askotan iruditzen zaigu egun pare bat geldirik egonda dena pikutara doala, baina kontrakoa gertatzen da. Atsedena ezinbestekoa da kirol honetan.

Europan jokatzen diren lasterketa garrantzitsuenetan ibili zara, eta ondo gainera. Ameriketan egindakoak, ordea, ez dira hain ondo atera. Arantzarik bai?

Bitan izan naiz Hardrock lasterketan. 2015ean izan nintzen lehenbizikoz, eta, joan nintzen moduan joanda, esan dezaket bederatzigarren postu hura ona izan zela. Aurretik izandako emaitzei begiratuta, badirudi ez zela ezer, baina orduan ez nintzen batere sasoiko joan. Lesionatuta joan nintzen, baina Hardrocki ezin zaio ezezkorik esan. Iazko udan, berriz, sasoiko nengoen, baina gauzak ez ziren pentsatu bezain ondo atera. Lasterketa bakoitza mundu bat da, eta uste dut lasterketa aurreko egunetako oker batzuek eragina izan zutela lasterketan. Sabeleko minarekin ibili nintzen. Bestela, agian Kilianen aurretik ez, baina uste dut harengandik gertu ibil nintekeela. Hala ere, gustura gelditu nintzen, lanak ondo eginda joan nintzelako. Arantza? Ezetz esango nuke.

Jornet aipatu duzu. Taldekide eta lagun izan duzu kataluniarra. Hainbesteko aldea al dago haren eta besteen artean?

Bai. Nik, nirekin alderatuta behintzat, horrela bizi izan dut, maila bat edo bi gorago ikusi izan dut. Distantzia guztietan ibiltzen da lehian, eta bera da denetan irabazteko edo oso goian ibiltzeko gaitasuna duen bakarra; nik, behintzat, argi daukat.

Eta hori? Mendi lasterketentzat ona al da diziplina guztietan onena izatea?

Nik uste dut etorkizunean ezinezkoa izango dela mendi lasterketetan ere, baina dena diru kontua izango da. Egunen batean benetan dirua sartzen bada, jendea espezializatuz joango da distantzietan, baina, gaur-gaurkoz, ez dago. Ziur korrikalari onak aterako direla, eta bateren batek markaren bat ere kenduko diola, baina Kilianek hainbeste urtean eta hainbeste diziplinatan erakutsi duen mailan nik behintzat ez dakit besteren bat ezagutuko dudan. Izan dira uneren batean diziplina batean saiatu eta asko entrenatu ondoren itzala egitera iritsi direnak, baina, diziplina horretatik irtetean, ez diote azkurarik ere egin. Horrek erakusten du kirol honek hobetzeko duen tartea.

Hamabost urte hauetan, inoiz sentitu zara garaiezin?

Ez dakit... Kirol honetan emaitzak ez du beti erakusten egindako lana. Aldagai asko daude emaitzan eragina dutenak eta gure esku ez daudenak. Aire zabalean egiten den dizplina bat da, mendian egiten dena, eta norberak kontrolatzen ez dituen faktore asko daude. Zientifikoki egon zaitezke goren-gorenean sasoiari dagokionez, baina emaitzarik ez da atera.

Eta ahaztuko zenukeen momentu bat?

Lasterketa askotan askok pentsatzen dugu: «Eta nik zer egiten dut hemen?», «Zer behar daukat nik horrela ibiltzeko»... 2016an Alpeetan jokatu nuen Alpen X 100 [160 kilometro, 9.224 metroko desnibel positiboa] irabazi banuen ere, ez dut gogoan hain gutxi gozatutako lasterketarik. Lasterketa gehienean lasterketatik kanpo egon nintzen, ez nuen ateratzeko gogorik ere, eta gaua igaro ondoren bikotekideari ere zerbait esan nion, baina hark, eguna argituko zuela, eta jarraitzeko esan zidan. Animatu egin nintzen eguna argitzearekin batera, eta amaitu nuen, baina batere gozatu gabe.

Jende askok huts egin al dizu edo saldu al zaitu urte hauetan guztietan?

Askok ez.

Zure ibilbidea ikusita, gogobeteta gelditu al zara? Edo arantzaren batekin gelditu zara?

Harro egoteko moduko ibilbidea egin dudala iruditzen zait. Denetik egon da, emaitza hobeak eta okerragoak. Uste dut denborarekin, pertsonalki perspektiba bat hartzen dudanean, gehiago jabetuko naizela egindakoaz, eta ni horrekin gelditzen naiz. Ziur beste gauza asko egin nitzakeela, baina hemen erabakiak hartu behar dira egunero eta segundoero, eta erabaki horien ondorioa gara.

Nola ikusten duzu mendi lasterketen mundua hemendik hamar urtera?

Hiru lasterketa mota ikusten ditut: lehiaketa ofizialak, lasterketa nagusiak (UTMB, Zegama-Aizkorri...) eta dortsalik gabe baina norberaren erronkak saltzeko gaitasuna izango duten aktibitateak. Uste dut mendiko lasterketen inguruan badagoela asko gara daitekeen merkatu bat. Eta, bestalde, lehen aipatu dizudan bezala, iruditzen zait espezializazio bat izango dela distantziatan.

Zer egingo duzu aurrerantzean?

Argi daukat kirola egiten jarraituko dudala; uste dut hori dela onena, eta nik, gainera, behar dut. Hala ere, mendiak bere osotasunean ematen dituen aukerez gozatu nahiko nuke: eskalatu, alpinismoa, mendiko eskiaz neguan gehiago gozatu... Seme bat eta alaba bat ditut, eta bizitzan beren erabakiak hartuko dituzte, baina gustatuko litzaidake haiei mendiaz gozatzen erakustea. Nork daki gero zer egingo duten, baina zaletasuna sartzea gustatuko litzaidake.

Himalaian ere ibilitakoa zara zu. Ikusiko al zaitugu 5.000 metrotik gorako mendietan?

Lehen galdetu didazu ea arantzaren bat gelditu zaidan, eta agian hori da bat, nire sasoirik onenean egon naizenean ez probatu izana. Mendi korrikalaria izan naiz, baina beti argi izan dut mendia bere osotasunean hartuta bertan egin daitekeen diziplinarik osoena alpinismoa dela. Ez dut alpinismoa barrutik ezagutu, baina betidanik izan dut pentsamolde hori. Oraindik ez da berandu, baina ezin dizut ez baiezkorik ez ezezkorik esan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria