Lee Stratch Perry

Reggaea munduratu zuen musikaria

Abeslari eta ekoizle jamaikarra reggae eta dub musikaren aitzindarietako bat izan zen. Esperimentazioa ardatz hartuta, soinu propio bat garatu zuen, eta askotariko musika estiloren sustatzailea izan zen.

BERRIA.
aitor biain
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Aitzindaria izan zen Lee Scratch Perry, bere garaiaz gaindiko musikaria eta ekoizlea; reggae eta dub musikaren sustatzaile nagusietako bat izan baitzen, eta hari zor zaio, besteak beste, Jamaikako herri musika mundu osora zabaldu eta Bob Marley doinu horien ikur bilakatu izana. Estudioan grabatzeko sortu zituen teknika berritzaileek ezaugarrituta, soinu propio bat eratu zuen, eta, reggaeaz gain, hip-hop, drum & bass eta jungle doinuetan ere izan zuen eragina. Ia 60 urteko ibilbide luze, arrakastatsu eta gorabeheratsua izan zuen. Igandean hil zen, bere sorterrian, Jamaikan, gaixotasun luze baten ondoren. 85 urte zituen.

1936an jaio zen, Rainford Hugh Perry izenez, Jamaikako Kendal hirian. Gazte zelarik, eskola utzi eta berehala sartu zen musikaren munduan. 1950eko hamarraldian Dick Coxsone Dodd eta Joe Gibbs ekoizle ezagunekin lan egin zuen, hala soinu teknikari gisa nola musikari moduan. Desadostasunak tarteko, ordea, zigilu eta estudio propioa sortzea erabaki zuen 60ko hamarkadaren azken urteetan: Upsetter Records eta The Black Ark.

1968rik 1972ra bitartean, The Upsetters bere estudioko taldearekin jardun zuen. Ordurako ezaguna zen estudioan grabatzeko sortu zituen teknika eta estilo berritzaileengatik: esperimentazioa ardatz hartuta, sampleak (aurrez grabatutako soinu piezak, gerora edizioan berrerabiltzen direnak) eta soinu efektuak erabiltzen zituen Perryk. Hala, lorezaintzako tresnekin grabatu zituen soinu efektuak, zuhaitzen azpian mikrofonoak lurperatu zituen, edota marihuana keari putz egin zion grabazioetan. Soinu propio bat garatu zuen, eta horren adibide da, hain zuzen ere, People Funny Boy, bere aurreneko kanturik arrakastatsuena; soinu efektu aitzindariak erabiltzeaz gain, gerora reggae musika ezaugarrituko zuen erritmoa ere ezarri baitzuen abestiak.

Upsetter Records zigiluarekin kaleratu ziren Jamaikako musikari gehienen diskoak 1970eko hamarkadan. Tartean ziren, besteak beste, Junior Murvin, Max Romeo, Beastie Boys, The Wailers eta Bob Marley bera. Perryk jarri zituen, hain zuzen ere, Marleyren ibilbide arrakastatsuaren lehen oinarriak, The Wailers taldearekin batera argitaratutako klasiko handietako batzuk ekoitzi baitzizkion: Small Axe, Duppy Conqueror, Jah Live, Punky Reggae Party eta Rastaman Live Up. Abeslariaren eta ekoizlearen arteko elkarlanak ez zuen asko iraun, halere.

Sorterritik kanpo ere aritu zen, eta The Clash taldearekin lan egin zuen. Baita Mad Professorrekin, Robert Palmerrekin, eta Paul eta Linda McCartneyrekin ere, besteak beste. AEBetan eta Europan ere jardun zuen, batez ere, 80ko urteetatik aurrera.

Dub musikaren sustatzailea

1970eko hamarkadan dub musika ezaugarritu zutenetako bat ere izan zen Perry; reggae musikaren esperimentaziotik sortu zuten musika elektronikoko genero berria. Drogak egunerokoaren parte bilakatu ziren, ordea, eta gorabehera asko izan zituen hurrengo urteetan. 1983an su eman zion bere estudioari uste zuelako espiritu gaiztoek hartuta zeukatela.

Ez zion inoiz kantuak grabatzeari utzi, halere, eta milatik gora abesti eta 80 disko baino gehiago argitaratu zituen 60 urteko ibilbidean. 1990eko hamarkadan, gainera, musika elektronikoaren arrakastari esker, bere eragina eta ospea berreskuratu zituen, eta 2002an Grammy sari bat jaso zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.