Albistea entzun

Alaiak ez du azaleko esangura

Txost taldeak doinu jostalari eta alaiez ondu du 'Erreferak esperantza' izeneko bere lehen diskoa
Txost taldea osatzen duen laukotea, Gabiriako plazako emanaldi batean.
Txost taldea osatzen duen laukotea, Gabiriako plazako emanaldi batean. ANDER KEREXETA Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko maiatzak 25

Ezustekoa, alaia, berezia, jostalaria, bizia. Hitzez azaltzen erraza ez bazaio ere, kalifikatzaile horiek jartzen dizkio Josu Isaias Isuo Txost taldeko gitarristak euren musikari. «Alaia», hori da gehien errepikatzen duena: «Hasieratik izan dugu buruan alaitasuna. Baina musika alaia beti lotu izan dugu ska edo beste estilo sinpleago edo komertzialago batzuekin. Eta zalantza egiten genuen: gurea alaia da? Dantzagarria da?». Baietz dio, eurena hala dela, baina ez horregatik azaleko musika: «Nahiz eta alaia izan, lanketa handia dauka atzetik».

Lau dira taldean: Mikel Arriaran Jul baterian, Aritz Ormazabal Orma baxuan, Jon Murua Kezman tronpeta eta ahotsean, eta Isaias gitarran eta ahotsean. Laurak bizi dira egun Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa). «Bai pertsonalki eta bai musikalki ongi moldatzen ginen aspalditik. Bakoitza estilo ezberdinetatik zetorren, eta zer aterako zen jakin gabe hasi ginen», azaldu du Isaiasek. Bi premisa zituzten: ezin zen «zaratatsua» izan, eta «alaia» izan behar zuen. «Asko entzun izan ditugun taldeak, batez ere Euskal Herrikoak, soinu aldetik nahiko ilunak izan dira: Dut, Lisabo, Inoren Ero Ni... Eta, nahiz eta hori gustatu, zerbait alaiagoa egitea nahi genuen». Zortzi kanturekin osatu dute diskoa, lehen aldiz elkartu zirenetik bi urte inguruan ondu dituztenak. Diskoa atera aurretik, halere, dezente aritu dira zuzenekoak ematen, eta hor jo izan dituzte orain grabatu dituzten kantuak. Txaloekin edo kantuarekin laguntzeko eskatuz, zuzenekoetan ere giro «jostalaria» bilatu ohi dute, Isaiasen esanetan.

Pilotaren zaletasunetik

Musikazaleak adina pilotazaleak dira laurak. Hor datza taldearen nola diskoaren izenen abiapuntua. Batetik, Txost; pilotak ezkerparetaren eta lurraren arteko angeluan jo, eta bertan geratzen denean hartzen duen izena. Isaias: «Pilotak txosta egiten duenean, ez dakizu ondo nora aterako den, eta gure musikarekin badu lotura bat; ustekabekoan eta bizitasunean». Eta, bestetik, Erreferak esperantza izenburua. «Joxean Tolosaren eta Xabier Euzkitzeren oso zaleak gara. Behin xaxari bat eraman zuten final batera, eta hor ezagutu genuen nola 1-0 zihoazenean xaxariak esaten zuen: 'sakeak bat, erreferak esperantza'. Kantatzen bezala esaten zuen, eta beti obsesioa izan genuen horrekin, zero esan ordez esperantza esate horretan. Gauzak graziarekin egitearekin lotzen genuen, galtzailearen estetikarekin ere bai. Iradokitzailea eta elegantea da».

Irratsaio kontzertua kalean

Zumarraga-Urretxuko KkinZone irrati librearekin elkarlanean aurkeztuko dute aurki diskoa. «Zuzeneko irratsaio-kontzertu bat» izango dela aurreratu dute, baina ez dute egunik oraindik. Bai, ordea, hurrengo kontzertuenak: ekainaren 16an, Pasaian joko dute (Gipuzkoa), eta ekainaren 30ean, Zumarragan (Gipuzkoa).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Campion Gaston, Saioa Alkaiza Guallar eta Ander Perez Argote, gaur, Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak otsailera atzeratu dute Bertsoaroa

Ane Eslava

Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatzen ari delako atzeratu dute zikloa. Iruñeko Bertsopaper Lehiaketako irabazleen berri eman dute, eta Saioa Alkaizaren bertso sorta batean oinarritutako 'Biziraute saiakera' ikuskizuna aurkeztu dute.

<em>Emakumeak abstrakziogile</em> erakusketako hainbat obra, Bilboko Guggenheim museoan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Motibo ez-abstraktuak

Iñigo Astiz

Emakumezko artistek abstrakzioaren historian izan duten lekua aldarrikatzen duen erakusketa bat zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak: 'Emakumeak abstrakziogile'. Guztira, 110 artistaren 400 obra baino gehiago bildu dituzte

Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbio, atzo, Tabakalerako eskailerapean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Errealitatea, artelan bat bezala

Gorka Arrese

Maialen Lujanbiok 'Bizitza happening' soinu instalazioa paratu du Tabakalerako eskaileran

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.