Andre Maria Zuriaren jaiak

Bertso bidez freskatu dute

Aihotz plazak biltzen ditu, urtero legez, euskarazko ekitaldi nagusiak Gasteizko jaien barruan. Musika ez da falta, baina, eguerdiro, hiriko bertsozaleen gotorleku bihurtzen da Erdi Aroko plaza hori.

Ivan Santamaria -

2018ko abuztuak 7
Asteburuko jende oldea atzean utzita, festak aurrera jarraitzen du Gasteizen. Motelago, termometroak ez duelako atsedenerako betarik eskaintzen. 35 gradutik gora dabil tenperatura eguerdian, eta folklore eskolako trikitilariak ari dira Aihotz plazara joan diren ikusleak animatu nahian.

Plaza hori da, aspaldian, Andre Maria Zuriaren jaietan euskarak duen arnasgune nagusia. Hiriko beste leku batzuetara hedatu da hizkuntzaren presentzia, baina Erdi Aroko txoko eder hori gotorleku da oraindik ere. Musika eta dantza ekitaldi asko programatuta daude egunotarako, baina, eguerdi partean, bertsolaritza da nagusi.

Giroa ikusita, meritua badute bertsolariek eta ikusleek. Publikoa saiatu da eguzkitako zabalen azpian lekua bilatzen, baina eguzkiak mailu baten indarraz jotzen du, goitik behera eta ia zuzen plaza erdira. Geu elkarteak muntatzen duen txosnan bilatu dute zerekin hidratatu, saioa hastear dagoela. Zazpigarren urtea da elkarteak txosnaren ardura bere gain hartu zuela, eta aurten inoiz baino gehiago luzatu dute eskaintza, abuztuaren 2an hasi baitziren ekitaldiak programatzen eta euskaltzaleei zer jan eta zer edan ematen.

Beñat Garaio Arabako Bertsozale elkarteko kideak egin ditu aurkezle eta gai jartzaile lanak. Oholtzan, lau bertsolari, beroari ahotsarekin erantzuteko gertu: Andere Arriolabengoa, Igor Elortza, Izar Mendiguren eta Xumai Murua. Txalo herabe batzuekin hartu dituzte, baina mikroari heldu diote, beldurrik gabe. Mendigurenek esan die ikusleei haien «haize girotua» izan nahi dutela, eta Arriolabengoak «bertsoen ur freskoa» agindu du. Jostatzeko gogoa ez da falta, bistan denez.

Elortza, Casadoren lepoan

Joan dira bertsolariak gaiak jorratuz. Aktualitatearen erreferentziak ezin ziren falta, noski, eta bezperan Pablo Casado PPko presidenteari egin zioten ongietorri zaratatsua —dozenaka lagunek oihuka hartu zuten, adierazpenak egiten ari zela— bertsotarako lehengai modura bota die Garaio gai jartzaileak.

Elortzak aritu behar izan du Casadorena egiten, gainerako hiru bertsolariek galdetutakoei eta leporatutakoei erantzuten. Mendigureni «borrokilla» itxura aurpegiratu dio Elortza-Casadok, baina bizkor egon da Arriolabengoa PPkoaren abizenarekin eta esposado hitzarekin errima eginda. Publikoak irribarre batekin hartu ditu trukeak.

Kataluniako arazoetatik Hondarribiko alardera, edo festetan parrandan atera eta sakabanatu den laukotearena eginda, joan dira lau bertsolariak barruak hustuz, bildutako guztiak igerileku batean amaitzea egokiagoa zitekeela argi utzita. Kantuz oasi txiki bihurtu dute Aihotz, gutxienez, eta eskertu du publikoak.

«Gai gehiago genituen, baina hau ez da osasuntsua», azaldu du Garaiok, saioa amaituta. Bertsolariengatik balitz, beste ordubete ere egon zitezkeen oholtzan. «Bertsozaleentzat Mekara joatea da Aihotzera etortzea; gozamena da horrelako bertso saioak izatea».

Bertsolariak ere badoaz txosnara, eztarria bustitzeko, halabeharrez. Aihotz plazak oroitzapen onak ekartzen dizkio Igor Elortzari: «Urteren batean edo bestean huts eginda, baina 1991. urtean kantatu nuen lehen aldiz hemen. Bertso plaza moduan motibatzen gaituen leku bat da», azaldu du Elortzak. Bost urtez bizi izan zen hirian, eta plazaren espazioa bera eraldatzen ikusi du. Zahartzen utzita zegoena modernotuz doa, ostalaritza eskaintza berrien bidez.

Ez zaie bertsozaleei atzokoarekin zer entzun amaitu. Gaur, bihar eta etzi saioak egongo dira plazan, 13:30ean. Aroa Arrizubieta, Julen Zulaika, Aitor Sarriegi eta Nerea Ibarzabalen txanda da gaur, Nerea del Alamok aurkeztuta.

Bertsoak baino gehiago ere bada Aihotz, edonola ere. Gauerdian, gaur eta bihar, Governors eta Jira Bira taldeak ariko dira. Eta arratsaldero, 20:30ean, gasteiztarren ekitaldi kuttunetako bat egiten da: txulalai eta larrain dantza herrikoia, dozenaka lagun biltzen eta bisitariak harritzen dituen ikuskizuna. Plazaren euskal arimak osasuntsu dirau.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna